Politika -
Bilbo
Eurokoparen aurkako talde batek manifestazioa deitu du "zale faxistak" saihesteko
'Bilbao 2020 Eurocopa Honi Ez!' plataformak manifestazioa deitu du martxoaren 28rako, Bilbon, "kirol-ekitaldi erraldoi hori" Bizkaiko hiriburuan egitea arbuiatzen duela erakusteko.
Agentziak | Erredakzioa
'Bilbao 2020 Eurocopa Honi Ez!' plataformak manifestazioa deitu du martxoaren 28rako, "kirol-ekitaldi erraldoi hori" (Eurokopa) Bizkaiko hiriburuan egitea arbuiatzen duela erakusteko. Manifestazio horren bidez, 2020ko Eurokoparen Bilboko egoitzaren aurkako taldeak Bizkaiko hiriburua "zale faxistez eta armatutako indar polizialez" betetzea saihestu nahi du.
Horrez gain, aurretik, martxoaren 14an, "topaketa nazionala" egingo dute Durangon; mahai-ingurua izango da bertan, kirolaren eta politikaren arteko loturari heltzeko, bai eta bazkari bat, kalejira bat eta hainbat kontzertu ere. Hala eman dute jakitera ostegun honetan, prentsaurrekoan, Marcos Lezaun eta Irenia Rojas plataformako bozeramaileek.
Bertan gogoratu dutenez, 2019ko martxoaren 26an aurkeztu zuten, San Mames futbol-zelaiaren aldamenean, 'Bilbao 2020 Eurocopa Honi Ez!' taldea, 2020ko Eurokopari aurre egin, eta, "kapitalaren eraso berri hau ikusirik, duintasunez erantzun" nahi diona; izan ere, Bilbo egoitza izango da, txapelketa horretan.
Eurokopa honek, horien esanetan, "Euskal Selekzioari ofizialtasuna ukatzeaz gain", "langile-klasearen aurkako esplotazioa handitzea eta emakume langileek sistematikoki pairatzen duten indarkeriak gora egitea" ekarriko du.
"Ultra faxistak" egon litezke
Eurokopa zergatik arbuiatzen duten azaltzeko, "gure kaleak faxistez eta armatutako indar polizialez beteko dira", argudiatu dute. Marcos Lezaunen hitzetan, Espainiak "gutxienez hiru partida jokatuko ditu San Mamesen; ikusi izan dugu beste Eurokopa batzuetan, bai eta Bilbon bertan ere, Espainian ultra faxista asko daudela, eta, noski, horiek euren selekzioa animatzera etorriko dira". Polonia eta Suediaren aurka ere jokatuko du Espainiak, eta selekzio horiek ere badituzte "etor litezkeen zale faxistak".
Horien ustez, "kirol-ekitaldi erraldoi hau" (Eurokopa) ez da soilik ikuskizuna: "Euskal burgesia autonomistaren estrategia zabalaren barnean dago; estrategia horren bidez, Bilbo euren interesengatik eta euren interesen alde egindako hiri bat bilakatu nahi dute".
Ekitaldiak Bilbon utziko duen eragin ekonomikoaren gainean, plataformak esan du ez dela onuragarria izango "hirirako, baizik eta hotelen eta ostalaritza-lokalen jabeentzat; baina ez egun horietan prekarietate handiagoarekin lan egin beharko dutenentzat, jakina". Hortaz, "aurrean izango gaituzte", nabarmendu dute.
Ildo horretan, "Eurokopak dakarren guztia geldiarazteko" zer behar duten adierazi dute: "Herritarren konpromisoa, Euskal Herriko leku guztietatik, eta jendeak Eurokoparen kontra egitea eta gure plataforman lan egiten eta parte hartzen laguntzea".
Martxoaren 14an eta 28an
Ondorioz, Eurokopa gaitzesten dutela islatzeko, "topaketa nazionala" egingo dute martxoaren 14an Durangon, eta hilabete horretako 28an, manifestazioa Bilbon. "Antolakuntzaz aurre egin, Eurokopa honi ez" goiburupean, Zabalburu plazatik abiatuko da, eta, " burgesia autonomistaren interesak gorabehera, Eurokopa ez dela ongietorria" nabarmenduko dute bertan.
Horien arabera, mobilizazio horien bidez, "Eurokopari begira jendea mobilizatzen" saiatuko dira, "horri aurre egiteko benetako gaitasunak sortze aldera".