Politika -
Biktima politikoak
Biktimek alderdiekin batzartu nahi dute txosten berri bat egiteko
Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak eta Lau Haizetara Gogoan plataformak salatu dute biktima politikoen txostenak "diskriminazioa" eragiten duela biktimak garai "arbitrarioetan" sailkatuta.
Erredakzioa
Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak eta Lau Haizetara Gogoan (LHG) osatzen duten kolektiboek "ausardia" eskatu diete biktima politikoen txostena egiten ari diren alderdi politikoei eta haiekin biltzeko eskaria egin diete lan egutegia ezarri aurretik, hau da, uztailaren 26a aurretik.
Prentsaurreko batean, Andoni Txasko Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko bozeramaileak eta Gotzon Garmendia LHG plataformarenak gogor kritikatu dute Legebiltzarrak biktima politikoei buruz egin duen txostena eta berria idaztea eskatu dute.
Txostenean ezarritako irizpideek, hau da, biktimak garai "arbitrarioka" sailkatzeak, "diskriminazioa" eragiten dutela salatu dute.
Ohartarazi dutenez, gainera, testuak irekita uzten du Estatuko Administrazioaren aginduan egindako eskubide urraketen egileak errugabe geratzea.
Era berean, txostenaren idazketan biktimen, senideen eta elkarteen partehartzea galaraztea kritikatu dute eta bilerak eskatu dizkiete alderdi politikoei (PP eta UPyD txostenetik kanpo geratu dira) uztailaren 26aren aurretik.
Biktimen errolda "ezkutatzen" dutela ere gaitzetsi dute eta 1936tik izandako giza eskubideen urraketa guztiak jasoko dituen batzorde bat osatzea eskatu dute.
Garmendiak azaldu duenez, LHG plataformak hiru informazio iturri ditu biktimei buruz eta 8.000-11.000 omen dira biktimak, 475 hildakoak.
Txaskok "irmotasuna" eskatu dio Legebiltzarraren txostenari eta terrorismoaren biktimei ematen zaien "arreta, errekonozimendu eta konponketa berbera" eskatu du biktima politikoentzat, nahiz eta izen desberdina eduki eta kasuak beste batzorde batzuek aztertu.
Bestalde, Antonio Basagoiti PPren presidenteari erantzun dio Txaskok. Basagoitik esan zuen txostenean "biktimak parekatzeko estrategia" zegoela, eta Txaskok galdetu dio ea 1976ko martxoaren 3an Polizia oldartu zenean hil zituztenak biktimak edo hiltzaileak diren.