Politika -
Zigor Kodea
Zigor Kode berriak delitutzat joko du frankismoa goratzea, Lastraren esanetan
PSOEk Unidas Podemosekin duen koalizio-akordioan aurreikusita zegoena gainditzen du erabaki honek: "Demokrazian, diktadoreen eta tiranoen aldeko omenaldirik ezin da egon", esan du Lastrak.
Agentziak | Erredakzioa
PSOEko idazkari nagusiorde eta Kongresuko bozeramaile Adriana Lastrak iragarri du Zigor Kodearen erreformak delitutzat joko duela frankismoa goratzea. Lastrak, halaber, onartu du ez duela oraindik ikusi erreforma horren gaineko zirriborrorik; Juan Carlos Campo ministroak zuzentzen duen Espainiako Justizia Ministerioa dabil egitasmo horretan lanean.
"Oraindik hobi komunetan dauden biktimak desobiratuko ditugu, leku publikoetan oraindik dagoen sinbologia frankista kenduko dugu, eta Zigor Kodea aldatuko dugu, frankismoaren apologia eta gorespena azkenean delitua izatea helburu", adierazi du PSOEko bigarrenak.
PSOEk Unidas Podemosekin duen koalizio-akordioan aurreikusita zegoena gainditzen du erabaki horrek; izan ere, sarbide publikoko lekuetan frankismoa goretsi eta goratzea debekatzea adostu zuten, hori besterik ez. "Demokrazian, diktadoreen eta tiranoen aldeko omenaldirik ezin da egon", esan du Lastrak.
Ekonomia Berriko Foroak antolatutako informazio-gosari batean, Lastrak ez du argitu nola egin nahi duen PSOEk Zigor Kodea aldatzeko; izan ere, Unidas Podemosek nahiago du bereiztea sedizio-delituaren berrikustea eta sexu-eraso bat eta onartutako harreman bat desberdintzeko berariazko baimenik egon behar izatea. Hori bai, ziurtatu du Zigor Kode berria "ez dela lurraldeekin negoziatzen", eta, ondorioz, azaldu ez duela zerikusirik Espainiako Gobernuaren eta Kataluniako Gobernuaren artean osatzekoa den negoziazio-mahaiarekin.
Quim Torra Generalitateko presidenteak eskatu du mahai horretan bitartekaria egotea, baina Lastrak gaitzetsi egun du hori; izan ere, "iraganeko" kontua da haren esanetan, egun behar ez dena, PSOEk erabateko gardentasunaz ekingo baitio elkarrizketa horri: "Bitartekariak 47 milioi espainiarrak izango dira", esan du.
Sanchezen "konpromisoa" Kataluniako independentismoarekin dagoen gatazka "gainditzeko"
Lastrak ziurtatu du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak konpromiso irmoa duela Kataluniako independentismoarekin dagoen gatazka "gainditzeko"; nolanahi ere, ohartarazi duenez, mahaiak arrakasta izateko, beste aldean "uste oso bera" duten solaskideak izan beharko lirateke.
ERCko lider Oriol Junquerasi La Sexta katean egin dioten elkarrizketa, Lastraren iritziz, "interesgarria" izan zen; esan duenez, Junquerasek "Kongresuan kokatzen ditu, hau da, behar duten tokian" Estatuko Aurrekontu Orokorrak; adierazi du uste duela onartu egingo direla Aurrekontuak, "bikainak izango baitira".
Elkarrizketa-mahaiko parte-hartzaileen gainean, Lastrak esan du berak ez lukeela arazorik izango Pablo Iglesias bigarren presidenteordea Gobernuaren ordezkaritzako kideetako bat izango balitz; hala ere, esan du ez dela oso garrantzitsua nortzuk izango diren mahai horretan, "ministroen taldea oso bateratuta baitago".