Politika -
'Txeroki'ren aurkako epaiketa
Cabezudo: 'Atentatutik ez naiz gai izan kalera bakarrik ateratzeko'
Garikoitz Aspiazu 'Txeroki'ren aurkako bigarren epaiketa hasi da gaur Auzitegi Nazionalean, gaurkoa Esther Cabezudoren aurkako atentatua dela eta.
Erredakzioa
Esther Cabezudo Portugaleteko alkateorde ohiak Auzitegi Nazionalean deklaratu du ETAren atentatuak bere bizitza "erabat" aldatu duela eta ezin dela kalera "bakarrik" atera.
Garikoitz Aspiazu ''Txeroki''ren aurkako bigarren epaiketa hasi da gaur Auzitegi Nazionalean, gaurkoa Esther Cabezudoren aurkako atentatua dela eta.
Portugaleteko alkateorde ohiak eta bere bizkartzainak, Iñaki Torresek, deklaratu dute.
Cabezudoren hitzetan, atentatua gertatu aurretik "pertsona librea" zen. Eztandaren ondorioen artean, entzumena galdu duela adierazi du epaimahaiaren aurrean, batez ere belarri batean. Estres postraumatikoa ere izan du, eta, ordutik ez du " jarraian gau oso bat ere lo egin".
Nabarmendu dutenez, ez Cabezudo ezta Torres ere ezin izan dira lanera itzuli.
Gogoratu duenez, 2002ko otsailak 28an izan zen atentatu horretan Udaletxera bidean zihoan, bere bizkartzainarekin batera. Aurreko espaloian, ETAk lehergailu bat jarri zuen erosketak eramateko gurditxoan.
"Eztanda handi" bat somatu zuen Cabezudok eta, horren ondorioz, lurrera erori zen. Torres, bere bizkartzaina, Cabezudo gainean bota zen, alkateorde ohia babesteko helburuarekin. Bestalde, Garikoitz Aspiazuk ez du deklaratu nahi izan, bere hitzetan, Auzitegi Nazionala "ez delako gai" euskal herritar bat epaitzeko. ''Jo ta ke'' besterik ez du esan epaimahaiaren aurrean.
Fiskaltzak 377 urteko zigorra eskatu du ''Txeroki''rentzat, Esther Cabezudoren aurkako atentatuan parte hartzea egotzita.
2002ko otsailean izandako eraso hartan 20 pertsona zauritu ziren, eta milioi bat euroko galerak izan ziren inguruetako eraikin eta ibilgailuetan.