Politika -
EAJko buruaren adierazpenak
Ukullu 'pozik' botere instituzionala 'koherente' izanda galdu dutelako
EAJko EBBko presidenteak azaldu du bere alderdia "harro" egon daitekeela "zintzoak eta koherenteak" izan direlako hauteskunde ostean egin dituzten itunetan.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidenteak esan du "oso pozik" dagoela bere alderdiak hauteskunde ostean egin dituen itunekin, nahiz eta horien ondorioz botere instituzionala galdu duten. Horren harira, "zintzoak eta koherenteak" izateagatik "harro" egon daitezkeelako azpimarratu du.
Ukulluk onartu du udalak eta foru aldundiak osatu ostean EAJk inoizko botere instituzionalik baxuena lortu duela, soilik foru aldundi bat eta hiriburu bat gobernatzen dituelako (Bizkaia eta Bilbo). Edozein kasutan, azpimarratu du udal hauteskundeetan EAJren boto kopurua hazi egin zela eta gogorarazi du aurreko legealdian Arabako eta Gipuzkoako aldundiak alderdirik bozkatuena izan gabe lortu zituztela.
Itunen harira esan du EAJk "oso zintzo" jokatu zuela PSE-EEk eta PPk Bildu instituzioetara ez iristeko planteatu zizkioten itunei uko egindakoan. Modu horretan, EAJk hauteskunde kanpainan aurkeztutako konpromisoei eutsi diela azpimarratu du.
Iñigo Urkulluk Xabier Agirrek izandako jarrera defendatu du; hau da, begi onez ikusi du Arabako ahaldun nagusia hautatzeko plenoan Ezker Batuak negoziazioetan zehar EAJri babesa kargu publikoen truke emango ziola esan izana publiko egitea.
Arabako EBrekin polemika
Ukulluk esan du EAJ ez zegoela inbestidura ekitaldiaren zain Ezker Batuak negoziazioetan egindako eskaerak publiko egiteko. Era berean, azpimarratu du, egun pare bat lehenago berak publikoki esan duela Ezker Batuak planteatzen zuenaren inguruan "zalantzak" zituela.
Gaineratu duenez, "Ezker Batuak negoziazioak eten zituen eta pisuzko planteamenduarekin etorri zitzaigun", hau da kargu publikoak inbestidura ekitaldia baino "72 ordu lehenago" eskatu omen zizkioten.
Ukulluren ustez, alderdi politikoen arteko negoziazioetan kargu publikoak eskatu zituztela publiko egin izana "ona" izango da "etorkizun hurbilerako", nahiz eta hasiera batean irudi politikoa kaltetu duen.
"Ona da EAJk horrelako gaiak jorratzen diren negoziazioetan ez duela parte hartzen jakitea eta nik EAJren partez erantzuten dut, dudan sinesgarritasunarekin, inoiz ez dugula horrelako planteamenduak dituzten gaien inguruan negoziatu", esan du.
Berrautaketa
Elkarrizketan zehar EAJko liderrak azaldu du "irailera arte" ez duela erabakiko EBBko presidentea izateko berriro aurkeztuko ote duen bere burua.