Politika -
Katalunia
Espainiako Gobernuak eta Generalitateak otsailaren 26an biltzea adostu dute
Agenda arazoak tarteko, Moncloak emandako data (hilaren 24a) baztertu du Torrak, eta horren ordez Kataluniako presidenteak proposatuetako bat onartu du Sanchezek.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako auzia elkarrizketaren bidez konpontzeko asmoz, otsailaren 26an bilduko dira azkenean Generalitatea eta Espainiako Gobernua, bi aldeek data zehazteko orduan izan dituzten tirabirak gainditu ostean.
Agenda arazoak tarteko, Moncloak proposatutako egunean (hilaren 24a) ezin zela bildu jakinarazi dio gaur Quim Torra Generalitateko presidenteak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari. Hori dela eta, lau data proposatu dizkio: otsailak 21, 26, 27 eta 28. Horien artean, asteazkenaren aldeko hautua egin du Espainiako Gobernuak, eta hala jakinarazi dio gutun bidez Quim Torra Kataluniako presidenteari.
"Ondo dakizun moduan, lantaldeak etengabeko hartu-emanean egon dira, eta, beraz, ederto iruditzen zaigu Elkarrizketarako Mahaiaren lehen bilera otsailaren 26an, arratsaldean, Moncloan egitea", adierazi du Sanchezek.
Gutunean Espainiako gobernuburuak nabarmendu duenez, "elkarrizketarako eta akordioak lortzeko borondate zintzoa dugu. Elkarrizketei berriro heltzea proposatzen dut, gure bideak banatu eta bata bestearen argudioak entzuteari utzi genion unetik bertatik".
Batzarreko gaiak
Aurrez, bileraren data "aldebakarrez" zehaztea leporatu dio Torrak Sanchezi bidalitako gutunean. Horrez gain, Generalitateak bi gobernuen arteko elkarrizketa mahaia osatutakoan egingo dituen eskaerak ere zehaztu ditu, hala nola nazioarteko bitartekari baten parte hartzea edo autodeterminazio eskubidea aitortzea.
Moncloak atzo jakinarazi zuen bi administrazioen arteko elkarrizketa bultzatzeko mahaia eratzeko dataren proposamena, baina Torraren komunikazio bulegoak jarrera hori deitoratu zuen, eta data "aldebakarrez" erabakitzea leporatu zion Sanchezi, hedabideei Kataluniako presidentearekin "adostu gabe" jakinarazi ziela ziurtatuz.
Sanchezi igorritako gutunean, elkarrizketa "ondo ez hastea" deitoratu du Torrak; izan ere, bi aldeek bilera horren data adostu aurretik hedabideei jakinaraztea "ez da elkarrizketa zintzoa eta emankorra nahi dela erakusteko modua", horren hitzetan.
"Bileraren data, lekua eta gai-zerrenda biek izendatutako talde teknikoen bidez adostuko zirela esan genuen Generalitateko Palauko bileran", esan du Torrak, eta gai horiek "lehenbailehen" zehazteko prest agertu da.
Torrak azaldu duenez, bere agendako "arrazoi pertsonal eta pribatuak direla eta, ez da posible egun horretan Sanchezekin biltzea", proposamena publiko egin aurretik bere komunikazio kabineteak Moncloari jakinarazi zion bezala.
"Hori dela eta, are gehiago harritu ninduen 20 minutu lehenago nire taldeari egindako proposamen bat zabaldu izanak", deitoratu du Torrak. Dena dela, negoziazioak "lehenbailehen hasteko prest" dagoela nabarmendu du Torrak, eta Kataluniako ordezkaritzak lehen bileran proposatuko dituen gai nagusiak aurreratu ditu.
Kataluniako "gatazka politikoa" konpontzeko edukiei dagokienez, Torraren gobernuak bi puntu nabarmendu ditu: "Kataluniaren autodeterminazio eskubidea aitortzea eta gauzatzea" eta "errepresioaren amaiera, amnistia eta kalte-ordaina".
Elkarrizketa bultzatzeko baldintzei dagokienez, hiru eskaera ditu Torrak: lan egutegi bat ezartzea, "gatazkako alde guztien aitortza, espetxean eta Kataluniatik kanpo daudenena barne", eta nazioarteko bitartekari baten proposamena.
Halaber, nazioarteko bitartekari baten premiaren inguruan JxCatek eta ERCk dituzten desadostasunek kolokan jarri dute azken egunotan Kataluniari buruzko elkarrizketa mahaiaren egutegia.
JxCatek etorkizuneko mahaian bitartekari bat egotea eskatzen duen bitartean, ERCk nahitaezko baldintza ez bihurtzeko eskatu du, Pedro Sanchezen Gobernuaren ezezkoa ikusita.