Politika -
Kataluniako hauteskundeak
Ezkerreko independentista talde batek "hautagaitza bateratua" eskatu du Katalunian
Martxoaren 29an batzar irekia egiteko asmoa dute. Sinatzaileek aho batez alderdien "anaiarteko borroka" amaitzea eskatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Ezkerreko independentista talde batek -horien artean, ERCko militante ohiek- Kataluniako hauteskundeetan "hautagaitza bateratua" aurkeztea eskatu du, "independentzia lehenesteko, Carles Puigdemontek egin duen bezala".
Puigdemonti, Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiei eta Errepublikako Conselli babesa adierazteko manifestu bat sinatu dute, eta, independentismoaren ibilbide bateratu bat finkatzea eskatuz. Era berean, martxoaren 29an batzar ireki bat antolatuko dute.
Ateneu Barcelones aretoan egin dute manifestuaren aurkezpena eta horren ostean, sinatzaileetako batzuek hitza hartu dute. Aho batez alderdien "anaiarteko borroka" amaitzea eskatu dute.
Horien artean, Jordi Romevak, urriaren 1eko epaiketaren ondorioz espetxeraturako Raul Romeva kontseilari ohiaren aitak, prozesu independentistan espetxeratutako "buruzagiek beste batzuek ordezkatzea komeni" dela esan du.
"Espetxeratzea mendeku luze eta bidegabea da, borroka politikoa bete-betean gidatzea baldintzatu eta mugatzen duena", nabarmendu du Romevak.
Jordi Pesarrodona ERCko zinegotzi ohiak alderdi politikoak balizko ilegalizazio baten aurrean "babestea" eskatu du, eta bere egitekoa erakundeen kudeaketan zentratu beharko litzatekeela adierazi du.
Josep Andreu Montblanceko (Tarragona) alkateak eta ERCko militante ohiak azpimarratu duenez, "Poliziaren basakeriak" eta "errepresioak urriaren 1eko agindua" betetzea eragozteko asmoa du.
Manifestuaren arabera, Puigdemont "independentziarekiko konpromiso kolektiboaren ikur da", eta Consell per la Republica haren "hastapeneko adierazpen instituzionala".
Besteak beste, Bernat Joan ERCko eurodiputatu ohiak, Carles Sola kontseilari ohiak eta Toni Strubell diputatu ohiak manifestua sinatu dute.