Politika -

Kontseilu politikoa

Aranaren dimisioa eskatu du Ezker Batuako sektore kritikoak

Nerea Galvez eta Mertxe Etxezarreta Arabako batzarkideen ekintza "babestu" du Kontseilu Politikoak. Era berean, batzorde negoziatzaile ofizialak "egindako lanari" babesa eman dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EBko Kontseilu Politikoak bilera egin du gaur Bilboko egoitzan. Mikel Arana koordinatzaile nagusiaren aurkako sektoreak agiri bat onartu du bileran. Ezkerreko koalizioaren buruzagiaren dimisioa eskatzen du sektore kritikoak dokumentuan, eta 2011ko urriaren 1erako Ezohiko Batzar Nagusia deitu du.

Bestalde, Nerea Galvez eta Mertxe Etxezarreta EBren Arabako batzarkideen ekintza "babestu" du Kontseilu Politikoak. Era berean, batzorde negoziatzaile ofizialak "egindako lanari" babesa eman dio. Batzorde negoziatzaile hori Kontxi Bilbaok eta David Lozanok osatzen zuten.

"Baliozko Batzar bakarra gaurkoa" dela adierazi du Kontseilu Politikoak, "izan ere, Mikel Aranak eta Espainiako Alderdi Komunistak egindako deialdiak sigla batzuen usurpazioaren emaitza dira".

Bestalde, Ezohiko Batzarra antolatzea Batzorde Antolatzailearen (COA) eskuetan utzi du Kontseiluak. "Aniztasuna bermatzeko", VII. Batzarrean botoen gehiengoa lortu zuen zerrendako sei kidek, EBko gainerako korronte politikoetako lau kidek eta Sergio Fernandez-Espartero Duran EBko Antolakuntza idazkariak osatuko dute batzordea, "guztia hiru lurralde historikoen arteko oreka mantenduz".

Azkenik, Mikel Arana "Ezker Batua ordezkatzen ez" duela azpimarratu du sektore kritikoak. "% 80ko adostasuna zuen erakunde bat jaso zuen eta desagertzera eramaten ari da", erantsi du. "Apurketaren koordinatzailea da, siglen salmentan Madrilen negoziatu duelako eta erakundearen kontrola Espainiako Alderdi Komunistaren eskuetan utzi nahi duelako", gaineratu du.

Barne ikerketa

Arabako ahaldun nagusia izendatzeko inbestidura saioari begira EAJrekin izandako negoziaketan programarekin loturik ez zeuden gaiak eztabaidatzeko elkarrizketak izan ote ziren argitzeko barne ikerketa bat martxan jartzea erabaki du EBko Kontseilu Politikoak. Bestalde, Serafin Llamas bozeramailearen dimisioa onartu du Kontseiluak.

Azkenik, Mikel Arana zigortzeko prozedura abian jartzea erabaki du Kontseilu Politikoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea