Politika -

Nafarroa

Euskara meritutzat hartzea legezkoa dela esan du Nafarroako Kontseiluak

Nafarroako Gobernua arau berria ari da prestatzen, eta, horren harira, kontsulta egin zion Nafarroako Kontseiluari.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea artxiboko irudi batean.
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Kontseiluaren irizpen baten arabera, "legezkoa" da "eremu ez euskaldunetan euskara meritutzat" hartzearekin lotutako araua garatzea. Hala jakinarazi diote Nafarroako Gobernuari.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta bozeramaileak horren berri eman du asteazken honetan, Gobernu bilera amaituta emandako prentsaurrekoan. Esan duenez, arauarekin lanean dabilen taldeari irizpenaren edukia helaraziko diote; izan ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren hainbat epaik ebatzitakoari jarraituta, merituen balorazioa arautuko dute, funtzio publikoaren arloan. Gobernuak egin zion kontsulta Nafarroako Kontseiluari, epai horien ostean, Auzitegiak euskararen erabilera Administrazioan arautzen duen Foru Dekretuaren hainbat puntu indargabetu zituelako.

Irizpenaren arabera, epai horretan "ez da irmoki debekatzen eremu ez euskaldunean euskara meritutzat hartzea; zehaztuta dago, ordea, balorazio hori neurrizkoa izan behar dela, bai eta egin beharreko lanen eta errealitate soziolinguistikoaren araberakoa ere".

Nafarroako Kontseiluak gogorarazi duenez, Foru Dekretu batekin lotutako aurreko irizpen batean ere zehaztu zuen aukera zegoela "euskara-ezagutzaren graduazioa funtzionaltasuneko, arrazionaltasuneko eta proportzionaltasuneko irizpideekin lotzeko".

Jarraian dioenez, "egin beharreko lanak kontuan izan gabe, ez du ematen zuzena denik lanpostuak baloratzea. Puntuazioa lanpostuaren betebeharren araberakoa izan beharko litzateke, eta lanpostua dagoen tokiko errealitate soziolinguistikoari ere erreparatu beharko litzaioke".

Halaber, adierazten du gerta litekeela, kasu batzuetan, gaztelania ez den beste hizkuntz bat jakitea balioztatzeko moduko irizpidea izatea; kasu horretan, "ez dago azaltzerik zergatik baloratuko litzatekeen, adibidez, frantsesa edo ingelesa jakitea, eta ez euskara jakitea". Azken hori, gainera, Nafarroako berezko hizkuntza da, eta herritar guztiek dute eskubidea ezagutu eta erabiltzeko, Euskararen Foru Legeak jasotzen duenez.

Txostenak gehitzen du ez dagoela Europan baldintza horietan dagoen beste hizkuntzarik, alegia, beste guztiak, gaztelania izan ezik, ez direla Nafarroako berezkoak. Hortaz, "ez dago parean kokatzerik; sorreratik dira desberdinak, legeari dagokionez".

Gobernuak hartuko du azken erabakia

Remirezek gogora ekarri du irizpenak ez duela Gobernuaren azken erabakia zehaztuko, baina "positibotzat jotzen dugu Nafarroako Kontseiluaren iritzia kontuan izatea, segurtasun juridikorik handiena lortzea helburu".

Remirezen esanetan, lan-taldearen agindu politikoa da "araua egokitzea, epaiei erreparatuta eta, halaber, akordio programatikoaren arabera; hain zuzen ere, akordio horretan adostu genuen euskal hiztunen eskubideen eskubideak, errealitate soziolinguistikoa eta aukeren berdintasuna babesten dituen hizkuntza-politikoa taxutzea". Horretarako, gizarte-, politika- eta sindikatu-eragileen adostasun handiena topatzen saiatuko dira.

Remirezek nabarmendu du adostasun handiena topatzen saiatuko direla, "garrantzitsua den kontu honetan", eta, ildo horretan, esan du asmoa dela "hizkuntza-politikoa eztabaida alderdikoitik ateratzea".

Arau berriari dagokionez, Remirezek esan du ez duela eperik ezarri nahi, baina onena litzatekeela "ahalik eta lasterren" izatea; hala, eta aurretik ere esana zutenez, berretsi du "hilabete barru" espero dutela onartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Politika Nafarroako albisteak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Gobernuko lehendakaria