Politika -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

"Faxismoaren txingarrak ez dira inoiz desagertu", dio Yolanda Gonzalezen nebak

Eskuin-muturrak hil zuen ikasleen liderra, Madrilen: "Haren heriotzaren alde egin zuten haiek gure artean daude oraindik", salatu du Asier Gonzalezek.

Yolanda Gonzalezen aldeko ekitaldi bat, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Yolanda Gonzalezen aldeko ekitaldi bat, artxiboko irudian.
Yolanda Gonzalezen aldeko ekitaldi bat, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1980an eskuin-muturrak hil zuen Yolanda Gonzalez bilbotarraren nebak "faxismoaren garra" orain ari dela bizitzen nabarmendu du, baina, zehaztu duenez, "haren txingarrak ez dira inoiz desagertu". Asier Gonzalez Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan elkarrizketatu dute: "Arrebaren heriotzaren alde egin zuten haiek gure artean daude oraindik", salatu du.

Yolanda Gonzalez ikasleen liderra 1980ko otsailaren 1ean hil zuen Madrilen Emilio Hellin ultraeskuindarrak. Hellin Fuerza Nuevako kidea zen, eta 2013ra arte izan da Espainiako Barne Ministerioarekin lotuta, Ministerio horrek azpikontratatutako enpresa baten bidez (Estatu espainiarraren Segurtasun indarrak entrenatzen zituen enpresa horrek). Yolanda Gonzalezen hiltzailearen gaineko informazio hori 2013an argitaratu zuen El Pais egunkariak; ordutik, hainbat ekitaldi egin izan dituzte haren omenez, eta hainbat kaleri eta plazari haren izena jarri diote. Asier Gonzalezek gogora ekarri duenez, "Yolandaren memoria orduan jarri zuten mahai gainean berriro", El Pais egunkariaren erreportajearen ostean.

Asierrek 6 urte zituen arreba hil zutenean: "Auziak ondorio oso handia izan zuen; amak, hilketa egin eta 10 urtera, oraindik jarraitzen zuten elkarrizketatzen". Emilio Hellinek Paraguaira ihes egitea lortu zuen, Yolanda hil eta 7 urtera, eta gerora, haren estradizioa gauzatuta, auzia ahaztu egin zen. Gonzalezek azaldu du gurasoek "erakundeen aurka borrokatu" behar izan dutela: "Hori ez da normala". 2000an aintzatetsi zuten Yolanda Gonzalez terrorismoaren biktima gisa, "gure abokatuaren borrokari esker", zehaztu du nebak. Familiak gizartearen babesa izan zuen, "baina ez erakundeena".

Azken urteotan, haren memoriaren aurkako erasoak izan dira. Azkena otsailaren 22an gertatu zen, Deustuko Erriberan; bertan, haren omenezko horma-irudian, Espainiako banderak margotu zituzten, eta iraindu zuten. Biharamunean, goizean, herritarrek berriro ere margotu zuten horma-irudia: "Gizartearen erantzuna bikaina izan da, baina garrantzitsua da erakundeak ere arin ibiltzea", dio Asier Gonzalezek.

Elkarrizketan, eskatu du arreba "gizarte hobea izan dezagula lagundu duen pertsona anonimo gisa" egotea jendearen gogoan.

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo berriak Eguneko albisteak Albisteak Irrati programazioa Giza eskubideen urraketak frankismoan