Politika -

Espainiako Atzerri ministroa

"Bitartekari eta ekoizleak asko espekulatzen ari dira maskarekin"

Arancha Gonzalez Layaren hitzetan, osasun material “homologatua” jasotzeko “epe luzeko kontratua” itxi dute Txinako hainbat enpresarekin, 430 milioi euroan.

Arancha Gonzalez Laya Espainiako ministroak "Boulevard"en hitz egin du. Argazkia: Efe.
Arancha Gonzalez Laya
Arancha Gonzalez Laya Espainiako ministroak "Boulevard"en hitz egin du. Argazkia: Efe.

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arancha Gonzalez Laya Espainiako Gobernuko Atzerri, Kooperazio eta Europar Batasunerako ministroak esan duenez, “Europar Batasuna erantzun bateratua ematen ari da osasun produktuen hornitze eta banatzeari dagokionez”. EBren barruan osasun produktuak esportatzeko mugarik ez dagoela ere azaldu du, “Boulevard Informativo” Radio Euskadiko saioan. .

Halaber, “Europako Banku Zentralak likidotasun maileguak egotea bermatu du”, baina “EBko estatuek zerga arloan eman nahi duten erantzun bateratua eraikitzeke dago”. Afera horretan, desadostasunak daude, Espainiak, Frantziak, Portugalek, Italiak, Esloveniak, Greziak, Belgikak eta Luxenburgok uste baitute “herrialde guztien erantzuna bateratu eta oso indartsua” izan behar dela, baina beste estatu batzuen ustez “nazionalagoa eta baldintzatuagoa” izan behar da.  Horren ildotik, Espainiako Atzerri ministroak adierazi du “Alemaniak eta Herbehereek mugatu egin dutela beren elkartasuna”. Gonzalez Layak “Boulevard Informativo”n esan duenez, krisi honek “ez du zerikusirik 2008koarekin”, hori “finantza krisia” izan zelako, baina krisi hau da “herrialde neurritsuen eta xahutzaileen arteko eztabaida. Hau munduko ekonomia guztiak jo dituen pandemia bat da”.

Osasun langileei beren burua babesteko materiala iristen ez zaiela eta, ministroak esan du bi arazo daudela horren atzean. Batetik, “tentsio handiak daude nazioarteko merkatuan, herrialde guztiak ari baitira produktu berdinak erosten eta ekoizpenak ezin du eskaria ase”, eta, bestetik, “Espainian tentsioak daude, eskualde batzuek besteek baino beharrizan handiago baitute”, hala nola Madrilen, non jende asko jo baitu koronabirusak.

Horrez gain, Txinako hainbat enpresarekin osasun material “homologatua” jasotzeko 430 milioi euroko “epe luzeko kontratua” itxi dutela erantsi du, baina “Turkiari, Suediari, Alemaniari, Frantziari eta beste hainbat herrialderi erosten jarraitzen dugu”. “Dohanitzak ere iristen dira, adibidez Txina bezalako herrialde adiskideetatik, guk ere lagundu baikenien koronabirusarekin hasi zirenean”. Eta “espainiar ekoizpenaren ekarpena ere badago, enpresa asko, Euskal Herrikoak makina bat, ekoizpena moldatzen ari baitira beharrezkoak diren materialak ekoizteko”.

Gonzalez Layak ez du dudarik adierazteko “maskarekin espekulazio handia” dagoela. “Bitartekariak eta ekoizleak ari dira espekulatzen”, esan du.

Txinatik bidalitako materialen fidagarritasunari buruz, Espainiako ministroak azaldu du 430 milioi euroko epe luzeko kontratua “bi hornitzailerekin” sinatu dutela, “5 miloi eta erdi test eman diezazkiguten. Erosi baino lehenago, material guztia homologatuta eta bermatuta dagoela egiaztatu dugu”.

Atzerriak bizi diren espainiarrei buruz, Gobernuak gomendatu die “beren herrialdetan gelditzeko, ez da bidaiak egiteko garaia”, baina, koronabirusak atzerriko bidaia batean harrapatu dituen espainiarrei zuzenduta, “inor ez da atzean geldituko”, esan du: “215 kontsulatu zabaldu ditugu munduan, laguntzeko”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua bideoak Eguneko albisteak Albisteak