Politika -

HERIOTZA

Enrique Mugica Herzog buruzagi sozialista historikoa hil da, COVID-19ak jota

Politikari eta legelari donostiarra PSOEko exekutibako kidea izan zen 1967tik. Koronabirusaren ondorioz zendu da, bart, 88 urterekin.

EnrEnrique Mugica Herzog, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Enrique Mugica Herzog, artxiboko irudian.
EnrEnrique Mugica Herzog, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enrique Mugica Herzog buruzagi sozialista historikoa hil da bart, 88 urte zituela, COVID-19 gaitzaren ondorioz. Donostian jaio zen 1932an, eta 21 urterekin Alderdi Komunistan afiliatu zen.

Bere jarduera politikoagatik, hainbat alditan atxilotu eta espetxeratu zuen errepresio frankistak. Denera, bi urte eta erdi inguru igaro zituen kartzelan, eta bertan zegoela hasi zen PCEtik urruntzen, desasostasun ideologikoak tarteko, eta PSOEn eman zuen izena.

1967an Alderdi Sozialistako exekutiba nagusiko kide izendatu zuten, eta 1974an PSOEko Koordinazio idazkari aukeratu. Kargu hori zuela, frankismoari aurre egiteko sortutako Konbergentzia Demokratikorako Plataforman (1974-76) eta Koordinadora Demokratikoan hartu zuen parte.

Ikasketaz abokatua, Justizia ministro eta Herri Defendatzaile karguetan aritu zen Espainiako Gobernuan, Felipe Gonzalezen eta Jose Maria Aznarren agintaldietan, hurrenez hurren.

1977ko lehen hauteskunde demokratikoetan, PSOEren diputatu aukeratu zuten Gipuzkoatik, eta 2000. urteko hauteskundeak arte berritu zuen kargu hori.

1988ko uztailean, Felipe Gonzalez presidente zela, Espainiako Justizia ministro izendatu zuten Mugica Herzog, eta Fernando Ledesmaren lekukoa hartu zuen. Politikari donostiarra izan zen ETAko presoen sakabanaketa sustatu zuena 80ko hamarkadaren amaieran, eta beti defendatu izan zuen urrats hori, ETAren kontrako borrokan ezinbesteko pauso modura.

1996ko otsailean, hauteskunde orokorren kanpainan, ETAk haren anaia hil zuen, Fernando Mugika sozialista.

2000ko martxoko bozetan, berriro hautatu zuten diputatu, eta Herri Defendatzaile kargurako proposatu zuen Jose Maria Aznarren orduko Gobernuak. Kargu hori hartu zuenean, PSOEko militantzia utzi egin zuen, eta diputatu eserlekuari ere uko egin zion.

Handik sei urtera, Mugica Herzog Herri Defendatzaile kargutik kentzeko IU-ICVk egindako eskaria tramitera onartu zuen Kongresuko Mahaiak, Kataluniako Estatutuaren aurkako errekurtsoa aurkezteagatik Auzitegi Konstituzionalean. Eskaria atzera bota zuten PSOEren, PPren eta CCren botoekin.

Sare sozialen bidez, PSOEk bere dolumina helarazi dio Mugica Herzogen familiari, eta sozialismoaren ikur nagusietako bat joan dela esan du:

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Donostia Gipuzkoa Espainiako Gobernua PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa