Politika -

Koronabirusa

Maskaren autohornikuntza oztopatzea leporatu dio Jaurlaritzak Sanchezen Gobernuari

Maskarak herritar guztiei helarazteko eskatu dio. Halaber, Jaurlaritza "oso kezkatuta" agertu da Pedro Sanchezen Gobernuaren asmoen inguruan, "ziurtasunik" ez duelako.

Zenbait pertsona kalean, maskarekin. Argazkia: Efe.
Zenbait pertsona kalean, maskarekin
Maskaren hornidura bermatu behar duela ohartarazi dio Jaurlaritzak Sanchezi

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak maskarak herritar guztiei helaraztea exijitu dio Espainiako Gobernuari, "diskriminaziorik gabe", eta, horrekin batera, "autohornikuntza" oztopatzea leporatu dio.

Gainera, egun, Pedro Sanchezen Gobernuak materiala banatzeko dituen "planen inguruan ziurtasunik ez" dutela esan du. Jaurlaritzak, berriz, "ahalegin handiak eta lan erraldoia" egin dituela esan du Beltran de Herediak, "osasun langileei eta oinarrizko polizia lanetan ari direnei maskarak emateko".

Segurtasun arduradunak gogora ekarri du Espainiako Gobernuak maskarak erabiltzeko egindako gomendioa, eta erkidegoei banatzekotan geratu zela, babes zibilak metro sarreretan eta trenetan banatzeko.

"Gaur egun, ez dugu inolako ziurtasunik Espainiako Gobernuaren planen inguruan. Osasun ministroarekin eta gainontzeko erkidegoekin bilera egin genuen", eta hor, Osasun sailburuak berak esan duenez, ez zen gai hori jorratu", esan du Beltran de Herediak.

Hala ere, gogora ekarri duenez, bilera horren ostean Salvador Illa ministroak maskara erabiltzeko gomendioa egin du  eta “banaketa nola egingo duten ere” azaldu du.

"Espainiako Gobernuari gogoratu nahi diot martxoaren 2tik Jaurlaritzak zailtasun handiak izan dituela maskaren autohornikuntza egiteko, Espainiako Gobernuak berak oztopoak jarri dituelako", esan du sailburuak.

Segurtasun arduradunak esan duenez, Jaurlaritzak "lan erraldoia eta ahalegin handiak egin ditu osasun eta gizarte zerbitzuetan, poliziako oinarrizko zerbitzuetan eta suhiltzaile lanetan ari direnei beharrezkoa duten babeserako materiala emateko".

Espekulatzeari utzi

Bere iritziz, "Espainiako Gobernuak gai honetan espekulatzeari uzteko garaia da". "Espainiako Gobernuak maskara norberaren babeserako dela uste badu, herritar guztiek maskara lortzeko aukera izatea bermatu behar du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Maskarak koronabirusa