Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Nekane Murga: "Jaietako jendetzak oso arriskutsuak dira gaitza kontrolatzeko"

Osasun arloko profesionalak babesteko materialen gabeziak proba gehiago egin ahal izatea saihestu duela esan du Osasun sailburuak. Neurriak malgutzeko plana "gertutik" egitea eskatu du.

Nekane Murga, Osasun sailburua. Artxiboko argazkia: Radio Euskadi
Nekane Murga
Nekane Murga, Osasun sailburua. Artxiboko argazkia: Radio Euskadi

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nekane Murga Osasun sailburuak astearte honetan Radio Euskadiko Boulevard albistegian esan duenez, "pozik egon gaitezke" azken orduotako datu positiboekin, baina gogora ekarri du "bide luzea" dagoela egiteko oraindik, koronabirusaren aurkako txertorik ez dagoelako, eta hilabete batzuk, gutxienez, berdin jarraituko dugu. Sailburuaren esanetan, "epidemia kontrolpean dago" jada, eta "hildakoen kopuruak behera egiteko joera argia da".

Bere iritziz, maiatzean gizarte eta lan jarduera gehiago egiteko aukera izan beharko genuke denok, "kontuan izanda koronabirusa gure artean egongo dela", nahiz eta uste duen "zaila" dela Euskal Herri osoan kasurik ez atzematera iristea, "Arabako zenbait eremutan dagoeneko lortu duten arren".

"Bizkaian atzeman dira orain arte kasu positibo gehien, baina kontrolpean daude. Gipuzkoak, berriz, lurralde horren azpitik mantendu ditu beti zifrak, eta, Araban, hasieran kasu gehien zituena bazen ere, zifra onak ditugu gaur egun". Hala, "transmisioaren abiadura txikia" dela nabarmendu du Murgak, eta kutsatu berrien "jarraipena" uneoro egiten dela.

Uztailean hauteskunde autonomikoak egiteko proposamenari dagokionez, honakoa azpimarratu du Murgak: "Aurreikuspenak aztertuz gero, birusak tenperatura altuekin gutxitzen du bere eragina". Arrazoi horregatik, "uztaila balizko datarik onenetakoa" dela uste du, baina hauteskundeak salbuespenezko segurtasun neurriekin egin beharko liratekeela zehaztu du.

Ildo horretatik, "urruntze neurriak mantendu" behar direla berretsi du Murgak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) "jarduteko eta koordinatzeko gaitasun handiagoa" eskatu du, baita aginte bakarra "balio sinboliko" batera murriztea ere. "Jarduteko eta koordinatzeko gaitasun gehiago nahi dugu deseskalatze planari begira", esan du.

"Ahalegin kolektiboari esker, pixkanaka jarduera gehiago egiteko aukera emango diguten datuekin jarraitzea espero dut", adierazi du Murgak. Kirol jardueren eta pasealekuen ordutegien proposamenari dagokionez, bere iritziz, "ezin da modu berean arautu landa edo hiri eremu bat".

Murgak uste du "litekeena" dela tabernak maiatzean edo ekainean irekitzea, "pixkanaka" bada ere. "Ostalaritza sektorea eta merkataritza ezinbestekoak dira, eta egoera egokia izan bezain pronto, modu ordenatuan, jarduerara itzuliko dira". Jai herrikoiei buruz, berriz, "modu ezberdinean gozatzeko" deia egin du Osasun sailburuak, "jendetza handiak izurritearen kontrolaren ikuspuntutik oso arriskutsuak direlako".

Hondartzara joateko aukerari dagokionez, "pertsonen arteko distantzia ahalbidetzen duten aire zabaleko espazio publikoak" arrisku txikiagokoak direla nabarmendu du Murgak, "baina jende pilaketak saihestu" egin behr direla gogora ekarri du.

"Sintomarik izan ez arren, maskara eramatea gomendatzen dugu", esan du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Ildo horretatik, "aztertu egin behar da" maskarak doan banatu ahal izango diren, baina "horren beharra dutenentzat, eskura egon beharko dira".

Bestalde, hilkortasun-tasa aztertzerakoan, Murgak dio "aztertu beharko dela denok berdin zenbatu ote dugun", beste lurraldeetako kopuruak zalantzan jarriz. "Ez da hartutako erabakiengatik edo kudeaketagatik, gizartearen beraren ezaugarriengatik baizik".

Dena  dela, osasun arloko profesionalentzako babes materialaren gabezia dela eta gainezka egin zutela aitortu du. Eusko Jaurlaritzak "dozenaka milioi" inbertitu ditu material horretan, eta aurrekontuetan jasotako diru-partidak "birbideratu" beharko direla esan du. "Eusko Jaurlaritzaren gastuaren lehentasunezko arloa osasuna da, epidemia kontrolpean izateko".

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

"Los laboratorios han tenido capacidad para hacer test, pero faltaban EPI"
"Los laboratorios han tenido capacidad para hacer test, pero faltaban EPI"
"Los laboratorios han tenido capacidad para hacer test, pero faltaban EPI"

play icon 48:37
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa