Politika -

EPAIKETA

Absolbitu egin dituzte Arzuagaren aurkako mehatxuak egiteagatik auzipetutako poliziak

Epailearen arabera, Jusapol, Jucil eta Sipe polizia sindikatuetako kideek ez zuten atzamarrekin pistola baten keinua egin, EH Bilduko legebiltzarkideak salatu bezala.

Polizia-sindikatuetako ordezkariak, Legebiltzarrean. Argazkia: EiTB.
Polizia-sindikatuetako ordezkariak, Legebiltzarrean. Argazkia: EiTB.
Polizia-sindikatuetako ordezkariak, Legebiltzarrean. Argazkia: EiTB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearekin kontrako mehatxuak egiteagatik auzipetuta zeuden Jusapol, Jucil eta Sipe polizia sindikatuetako zortzi agente absolbitu egin ditu Gasteizko 4.Instrukzio Epaitegiak.

Gasteizeko Ganberan 2019ko apirilaren 4an, Poliziaren Biktimen Legea eztabaidatzen ari zirela, Arzuaga eta gonbidatuen aulkietan zeuden polizien arteko ika-mika gogorraren ondotik etorri zen Arzuagaren salaketa. "Atentatu, irain eta mehatxu delituengatik", agenteen kontrako salaketa jarri zuen EH Bilduko legebiltzarkideak, eta 900 eta 1.800 euro arteko zigorra eskatu zuen horietako bakoitzarentzat.

Martxoan egin zen epaiketa, eta asteon iritsi da epailearen ebazpena. Bertan jasotzen denez, Arzuagak berak naziekin alderatu zituen tribunan zeuden poliziak, ondoko adierazpenak egin zituenean: "Niretzat, Nurembergen epaiketa bat egon zelako protesta egin zuten naziak zarete".

Aldiz, epaileak ez du uste agenteek atzamarrekin pistola baten keinua egin zutenik edota tiro bat irudikatu zutenik, ezker abertzaleko kideak salatu bezala.

Arzuagaren salaketaren arabera, Legebiltzarrean bakarrik ez, ondorengo egunetan ere bere kontrako kanpaina jasan behar izan zuen sare sozialen bidez. Epailearen iritzian, hori ere ez dago frogatuta. Epaiari errekurtsoa jartzeko aukera dago.

Jusapol sindikatuak, bere aldetik, pozik hartu du ebazpena, eta Arzuagak Legebiltzarrean erakutsitako jarrerak "gorrotoaren benetako aurpegia" erakutsi zuela nabarmendu du.

Eztabaida haren ondotik beste salaketa batzuk ere heldu ziren. Besteak beste, Dignidad y Justicia elkarteak Arzuaga legebiltzarkidearen aurkako salaketa aurkeztuko zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, gorroto delitua eta terrorismoaren biktimak umiliatzea leporatuta. Epaileak kereila hura atzera bota zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra EH Bildu Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak