Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Eztabaida gogorra Legebiltzarrean, EH Bilduren eta erakunde polizialen artean

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak hitza hartu duenean, gonbidatuen tribunatik saioa jarraitzen zuten erakunde polizialen ordezkariek keinu itsusiak egin dizkiote. Hor sortu da ika-mika.

Liskarraren ostean, PPko legebiltzarkideak osoko bilkuratik irteten. Argazkia: EFE
Liskarraren ostean, PPko legebiltzarkideak osoko bilkuratik irteten
Istilua eta iskanbila Legebiltzarrean, eztabaida izan beharrean

1:25

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak polizia gehiegikerien legea onartu du gaur. Aurretik, ordea, iskanbila eta eztabaida gogorra izan da EH Bilduren eta gaurko saioa gonbidatuen tribunatik jarraitzen ari ziren erakunde polizialen (Guardia Zibila eta Polizia) artean.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak hitza hartu duenean hasi da eztabaida. Gonbidatuen eserlekuetan, Estatuko Segurtasun Indarren hainbat elkartetako ordezkariak ez ezik (Jusapol elkartea tartean), polizia abusuen elkarteetako ordezkariak jesarri dira.

Dena den, ez da argi gelditu sesioa noiz eta nola hasi den; hau da, Julen Arzuagaren adierazpenekin izan den edo gonbidatuen tribunatik egindako keinu itsusien ondoren erantzun dien EH Bilduko legebiltzarkideak.

Kontuak kontu, Julen Arzuagak "erabateko mesprezua" adierazi die Estatuko Segurtasun Indarren erakunde korporatiboei eta "beraiek eragindako biktimak" ez aitortzeko "'lobby' nazkagarri bat" osatzea leporatu die.

Arzuagak salatu duenez, erakundeok "terrorismoaren erabateko inpunitatea eta beraiek egindako giza eskubide urraketak estaltzea bilatzen ari dira".

"Niretzat, Nurembergen epaiketa bat egon zelako protesta egin zuten naziak zarete; niretzat, giza eskubideen urraketak ez aitortzeko borroka egiten duten frankistak zarete. Nazkagarria, lotsagarria da", adierazi du.

Erakunde polizialetako kideak keinu itsusiak egiten (erdiko hatza erakusten) ari zitzaizkiela salatu dute EH Bilduko legebiltzarkideek, eta kexu agertu dira Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen aurrean. Azken horrek isiltzeko eskatu die guztiei eta, azkenean, Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkidea kanporatu du.

PPko talde parlamentarioa osoko bilkuratik irten da une batez, protesta gisa. Dena dela, minutu batzuk igarotakoan itzuli egin dira. Irteten ari zirela, Arzuagari eta Mahaiko kideei zuzendu zaizkie.

Bestalde, Julen Arzuagaren hitz batzuk ("nazi" eta "genozida") eguneko aktatik erretiratuko direla iragarri du Bakartxo Tejeriak. "Ezin zaio inori nazi deitu", esan du.

Iskanbila igarotakoan, Eusko Legebiltzarrak polizia gehiegikerien legea onartu du.

Arzuagaren hitzaldiaren zati bat aktatik ezabatzea salatu du EH Bilduk 

Julen Arzuagaren hitzaldiko hitz batzuk ("nazi" eta "genozida") eguneko aktatik erretiratzeko Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak hartutako erabakia salatu du arratsaldeko saioan Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak.

Arzuaga mehatxuak jasotzen ari dela ere salatu du Urruzunok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra albisteak Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Araba PSE-EE berriak Euskadiko PP Albisteak Gaur Eguneko albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi