Politika -

Eusko Legebiltzarra

Hauteskundeak uztailean deitzea aztertzen ari dira, irailaren aukera ez galtzeko

Alderdien iritziak aztertu ondoren, lehendakariak hauteskundeak noiz egin erabakiko du eta herritarrei jakinaraziko die.

Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria hauteskundeak uztailean deitzea hausnartzen ari da, koronabirusak berriro indarra hartuz gero, iraila bigarren aukera bezala izateko. Hori da Josu Erkoreka bozeramaileak ostiral eguerdian emandako prentsaurrekoan jakitera eman duena.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak aditzera eman duenez, Iñigo Urkulluk eta alderdiek egindako bileran hauteskundeak uztailean egitea eztabaidatu dute, izan ere, “pandemiaren bilakaerak gorakada izanez gero”, horrek “hauteskundeak irailera edo urrira atzeratzeko aukera emango lukeelako”. Urkulluk, alderdien iritzia entzun ondoren, erabakia hartuko du eta herritarrei jakinaraziko die.

Erkorekak prentsaurrekoa eman du Lehendakaritzan, Urkulluk alderdietako liderrekin izandako bileraren ostean.  Lehendakariak guztien iritziak bildu ditu hasiera batean apirilaren 5erako deituta zeuden hauteskundeak noiz egin erabakitzeko.

Jaurlaritzako bozeramaileak gogora ekarri du apirilaren 30eko bilera, bertan lehendakariak bi agertoki planteatu zituelako: uztailekoa eta iraila-urrikoa. Gaur, testuinguru horiei helduta, hiru txostenetan oinarritutako hausnarketa egin du: Osasun Sailak larrialdi egoerari buruz egindakoa, arlo juridikoa aztertzen duen txostena eta hauteskundeak berme guztiekin egiteko neurriak azaltzen dituen txostena.

Horren harian “orain bi agertoki horiek aztertzea” posiblea dela esan du Erkorekak, hauteskundeak uztailerako deitzeko epearen barruan gaudelako, “eta hemendik egun batzuetara agertoki bakarra egongo delako”, udaren ostekoa. “Bi aukera ditugu eta horrek hautatzeko parada ematen digu”, azpimarratu du.

Lehendakariak Legebiltzarreko alderdiekin egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak hiru txosten helarazi dizkie alderdiei hauteskundeak uztailean egiteko asmoa babesteko. Txosten horiek segurtasun arloa, osasun arloa eta arlo juridikoa jorratzen dituzte.  

Aurkeztutako hiru txostenak

Osasun txostena Iñaki Berraondo sailburuordeak egin du eta COVID-19aren egoerak irailetik aurrera okerrera egin dezakeela ohartarazten du, birusaren hedapena ohiko gripearenarekin batera eman daitekeelako.

Deseskalatzea “kontu handiz” eginez gero, uztailean herritarrek eguneroko “ohiko joan-etorriak” egiteko aukera izango dutela azpimarratzen du, hori bai, higiene eta distantzia neurriak gordeta.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak egindako txostenak posta bidezko botoa bultzatzea eta koronabirusaren ondorioz berrogeialdian daudenena erraztea proposatzen du.

Horrez gain, txostenak 10 pertsona baino gehiagoko hauteslekuak egokitzea eskatzen du, beharrezkoa izanez gero, hautesleku berriak bilatuta, beti ere irisgarritasun irizpideak betetzen dutenak eta mahai horietako hautesleen bizitokietatik gertu daudenak.

Bestalde, txosten juridikoak dio “zentzua izan dezakeela” lehen data bat eta gero bigarren bat ere aukeratzea, data “subsidiario gisa”, osasun agintariek bigarren osasun larrialdi bat ezartzeko beharra izan dezaketela kontuan izanda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EAE albisteak Hauteskundeak Euskadin 2024 Eguneko albisteak Albisteak