Politika -

Koronabirusa

Darias: "EAEko hauteskundeak uztailean egin litezke, Urkulluk hala erabakita"

Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroaren hitzetan, hauteskundeak uztailerako deitzeko aukera legoke, "guztiz kontuz eta koordinatuta".

Carolina Darias ministroa, eskuinean, Senatuan. Argazkia: EFE.
Carolina Darias ministroa, eskuinean, Senatuan
Carolina Darias ministroa, eskuinean, Senatuan. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministro Carolina Dariasek ostegun honetan esan duenez, EAEko hauteskundeak uztailean dei litezke, "kontuz eta koordinatuta", Iñigo Urkullu lehendakariak hala erabakiko balu.

Onda Ceron izandako elkarrizketa batean, EAJk eta Espainiako Gobernuak jeltzaleek alarma-egoeraren luzapena babesteko hitzartutako akordioa izan du hizpide Dariasek.

Akordio horretan, alarma-egoerak indarrean jarraitzea EAEko hauteskundeak egiteko oztopo ez izatea sartu du EAJk. Hauteskundeak apirilaren 5ean ziren egitekoak, baina atzeratu egin zituzten, COVID-19aren krisiagatik.

EAJk eta Urkulluk hauteskundeak uztailean egitea proposatu dute. Oraingoz, baina, lehendakariak ez du erabakirik hartu, eta zehazteko dago noiz egingo diren.

Espainiako ministroak adierazi duenez, EAEko hauteskundeak dei litezke, "kontuz eta koordinatuta", lehendakariak hala erabakiz gero. "Ez dago oztoporik", nabarmendu du.

1 fasea

Astelehenean, autonomia-erkidego batzuk konfinamendua malgutzeko 1 fasean sartuko dira; beste batzuk, aldiz, ez dira oraindik fase horretara pasatuko, baldintzak ez beteta.

Dariasek esan du ulertzen duela autonomia-erkidegoek "antsietatea" izatea pauso hori emateko, baina ohartarazi du ezinbestekoa dela hitzartutako adierazleen panela betetzea. Beraz, "zuhurrak izan behar gara, eta modu koordinatuan ibili".

Nabarmendu duenez, 1 fasera pasatzeko, derrigorrezkoa da "akordioa" izan eta adierazle horiek betetzea. Neurtu ahal diren datu objektibo eta gardenak dira: "Beraz, babesa objektiboa da".

Dariasen hitzetan, oso garrantzitsua da elkarrekin eta "kogobernatuta" egitea aurrera, eta hemendik aurrera "partekatutako 17 erabaki" izango direla esan du: "Irizpide tekniko batzuen gainean adostutako testuinguru orokor bat izango dute abiapuntu erabaki horiek".

Ministroaren arabera, orain arteko adostasuna "zarata baino handiagoa" izan da, eta harreman "arin eta adeitsuak" izan ditu Espainiako Gobernuak autonomia-erkidegoekin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, eta EAEn bizi bazara, zure osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Urkullu azken albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak EAEko hauteskundeak Espainiako Gobernua albisteak Gaixotasunak bideoak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa olatu berria Deseskalatzea gaur