Politika -

78 urterekin

Julio Anguita IUko agintari historikoa hil da

78 urteko politikaria larunbat honetan zendu da, 11:00ak aldera, Kordobako ospitale batean.

Julio Anguita, IUko liderra izandakoa. Argazkia: Efe.
Julio Anguita, IUko liderra izandakoa
Julio Anguita, IUko liderra izandakoa. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julio Anguita IUko lider historikoa larunbat goizean hil da, 78 urte zituela, Kordobako Reina Sofia ospitalean. Anguitak astebete zeraman ingresatuta, bere etxean izandako bihoitz-biriken geldialdiaren ondorioz.

Kordobako alkate ohia suspertu eta intubatu egin zuten 061 sanitarioek eta, ondoren, larri eraman zuten Zainketa Berezietako Unitatera. Bertan astebete egin du egoera kritikoan, hil aurretik.

Anguita egonkor zegoen ostiralean, eta aireztapen mekanikoarekin, baina, azkenean, larunbateko 11:00ak aldera hil da.

Ez da Julio Anguitak bihotzeko arazoak izan dituen lehen aldia. 1993an, Bartzelonan, bihotzekoa izan zuen hauteskunde kanpainan, eta bost urte geroago beste bihotzeko bat izan zuen Kordoban.

Politika munduko alderdi eta ordezkariek doluminak agertu dituzte egun osoan Anguitaren heriotzagatik.

Ezker Anitza-IUk mezu bat zabaldu du sare sozialetan: “Ezinbesteko pertsona joan zaigu, kapitalismoaren aurkako borroka era Errepublikaren aldekoa indartuko du”.

Podemosek ere sare sozialetan agertu du bere atsekabea, Anguita “zintzotasunaren, integritatearen eta baztertuen aldeko borrokaren adibidea” zela azpimarratu dute. Horrekin batera, “familia komunistaren sentipenarekin bat” egiten dutela adierazi dute.

Iñigo Urkullu lehendakariak ere aintzat hartu du Julio Anguita, politikan “jokaera arduratsua” izan zuela azpimarratuz, “erabakiak zintzotasunez hartuz, asmatu edo hanka sartu arren”. “Pertsona zintzoa eta konprometitutakoa” zela gaineratu du.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere sare sozialetan adierazi du Anguitaren heriotzak eragindako sentipena: “Gaur ez da iraganeko ezberdintasunez hitz egiteko eguna. Gaur komunista zintzo eta koherente batez hitz egin behar dugu. Gure artean ezberdintasunak izan arren, bere zintzotasunari errespetu osoa nion”, idatzi du Otegik.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ere Anguitaren heriotzaz aritu da. “Berdintasuna eta justizia soziala etengabe defendatu zituen”, esan du; “gizon koherentea, zintzoa eta kritikoa izan zen”.

Pablo Casado PPko liderrak ere Anguita gogoan izan du: “Bere idealak pasioarekin defendatu zituen denok maite dugun Espainia demokratiko, anitz eta irekian”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika IU Espainia Eguneko albisteak Albisteak