Politika -
Defizit publikoa mugatzeko
Konstituzioa aldatzeko PSOE eta PPren negoziazioa bide onetik doa
Elena Valenciano sozialistaren iritziz, PSOEren baitan erreformari buruzko ezadostasunak egotea "larri samarra" da, baina alderdi sozialista "plurala" izanda, gauza normaltzat hartu du.
Erredakzioa
Soraya Saenz de Santamaria Kongresuko PPko bozeramailearen iritziz, bere alderdia eta PSOEren arteko negoziazioa bide onetik doa eta ez dago desadostasun handirik. Bi alderdiak defizitaren muga Konstituzioan nola sartu eztabaidatzen ari dira.
"Lanean ari gbara eta ondo ari garela uste dut", esan du Saenz de Santamariak Punto Radiori egindako adierazpenetan.
PSOEren kideen artean erreforma horren inguruan dauden desadostasunek erreforma bera bigundu dezaketen ala ez galdetuta, bi alderdien artean "desberdintasun gutxi" daudela erantzun du PPko kideak.
PSOEren barne eztabaidak Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko Presidentetzarako hautagaiari dagozkiola gaineratu du Saenz de Santamariak, "bere lidergoa arriskuan jarri dezakete", adierazi du.
"Zuhurtzia" PSOEn, desadostasunen aurrean
Elena Valenciano PSOEko Hauteskunde Batzordeko koordinatzailearen hitzetan, alderdiaren barruan erreforma konstituzionalaren inguruan sortutako desadostasunak "larri samarrak" dira. Hala ere, egoera "ulergarria" ikusten du PSOE "eztabaidarako irekita dagoen alderdia delako" eta "ahots pluralak eta nortasun ezberdinak" biltzen dituelako.
Hala ere, Valencianok "zuhurtzia apur bat eta pazientzia" eskatu die erreformaren kontra agertu diren diputatuei, erreforma ondo zehaztuta egon arte.
Politikari sozialistak desadostasun horiek Alfredo Perez Rubalcaba hautagaiak alderdian duena babesagatik baztertu nahi izan ditu. "Ez dute gure hautagaiarekin ezta proiektuarekin zerikusirik, biek alderdi osoaren babesa dutelako", ziurtatu du.