Politika -

Koronabirusa

330 preso euskal kartzeletara eramateko eskatu du Eusko Jaurlaritzak

Presoen artean, 200 ETAkoak dira, eta Eusko Jaurlaritzak osasun arrazoiak argudiatu ditu. Sareren ustez, "positiboa da" Eusko Jaurlaritzaren eskaera, baina "pixka bat berandu iritsi da".

Espetxea. Argazkia: EiTB
Espetxea. Argazkia: EiTB
330 preso euskal kartzeletara gerturatzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzak

1:28

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako idazkari nagusiak idatziz eskatu dio Espainiako Gobernuari 330 euskal preso edo Autonomia Erkidegoan errotuta daudenak Euskal Autonomia Erkidegoko Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetara eramateko, Estatuko hainbat espetxetan banatuta baitaude. Presoen artean, 200 ETAkoak dira, eta Eusko Jaurlaritzak osasun arrazoiak argudiatu ditu.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Fernandezek adierazi duenez, COVID-19ak sortutako egoeraren eta testuinguru berriaren azterketa egin du, eta, dirudienez, "datozen hilabeteetan eta ziurrenik hurrengo urte eta erdian zehar luzatuko da".

"Errealitate berri bati buruz ari gara. Gaur egun, 330 euskal preso inguru daude Euskaditik kanpo hainbat kartzelatan sakabanatuta, eta horrek esan nahi du astero 300 familiak baino gehiagok edo horien hurbilekoek bidaiak egin behar dituztela Estatuko lurralde osoan zehar, bisitatzeko eskubideaz gozatu ahal izateko", esan du.

Horren ustez, "hori, testuinguru normal batean zalantzagarria litzatekeena, orain, pandemia eta pandemiaondoko testuinguru batean, ez da gomendagarria osasun publikoaren ikuspegitik".

"Espainiako Gobernuari planteatu dioguna da, testuinguru honetan, eta ez gara ETArekin lotutako presoen auziaz bakarrik ari, edozein presori buruz baizik, logikoena dela preso bakoitza bere autonomia-erkidegoko espetxe batean egotea, lekualdaketa luzeak eta alferrikakoak saihesteko, horrek geografia osoan zehar kutsatzeak zabaltzeko arriskua areagotzen baitu", azaldu du.

'Hasta que no haya una vacuna sería sensato que cada preso estuviese en su provincia'
'Hasta que no haya una vacuna sería sensato que cada preso estuviese en su provincia'
'Hasta que no haya una vacuna sería sensato que cada preso estuviese en su provincia'

play icon 10:11

Hori dela eta, Basauriko (Bizkaia), Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Araba) espetxeetara eramateko eskatu du. "Preso baten edozein senidek, berdin dio nongoa den edo zer delitu egin duen, bere familia bizi den probintzian espetxeratuta ez badago, hiru hilabete daramatza bisita eskubideaz gozatu gabe", gaineratu du.

"Autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna noiz zabalduko den ez dakigu", baina "baliteke lauzpabost hilabete barru beste agerraldi bat izatea". "Litekeena da autonomia erkidegoen mugikortasuna berriro mugatzea, eta bisitatzeko aukerak berriro blokeatu beharko lirateke", adierazi du.

"Orain arte beste era bateko arrazoiak defendatu baditugu ere, aurre egin beharko diogun errealitate berri honetan; zentzudunena preso bakoitza bere familia duen autonomia-erkidegoan egotea izango litzateke", gaineratu du.

Jonan Fernandezek gogorarazi du Pedro Sanchezen gobernuari bi gutun bidali dizkiola, lehena apirilaren 27an eta bigarrena maiatzaren 14an, eta Eusko Jaurlaritzako osasun publikoko zuzendaritzari txosten bat enkargatu zaiola, joan den ostiralean igorri zitzaiona. Hala ere, oraindik ez dute txosten horren erantzunik jaso.

"Berandu", Sareren arabera

Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformaren ustez, Eusko Jaurlaritzaren eskaera "positiboa da", baina "pixka bat berandu iritsi da".

Patricia Velez Sareren bozeramaileak prentsaurreko batean esan du albistea "positiboa" dela, eta azpimarratu du "gizarte zibilak, sindikatuek, EAEko eta Nafarroako parlamentuek eta aldundiek aspaldi egindako eskaera" dela.

Horren hitzetan, "pixka bat berandu iritsi da"; izan ere, pandemia dela eta, "presoen senideek ez dakite bidaiatu ahalko duten, noiz egin ahalko duten bisita, probintzia artean mugitu ahalko diren edo ibilgailuak partekatu ahalko dituzten".

"Hau zetorrela jakinik, aurreikuspen handiagoa eduki behar zen", adierazi du Velezek, eskaera "ongi etorria" dela goraipatu aurretik. Era berean, "premiazko neurria" izateko eskatu du, pandemiaren beste agerraldi batek "egoera zaildu" egingo lukeelako.

Bestalde, Sareren ordezkariek ostiralean, Etxeratekin batera, hiriburuetan eta herrietan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, 'Izan Bidea' ekimenaren baitan presoak Euskal Herriratzea aldarrikatzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa