Politika -
Guardia Zibila
Guardia Zibilaren bigarrenak karguari uko egin dio, Perez de los Cobos kargugabetuta
Espainiako Gobernuko Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak astelehenean kargugabetu zuen Madrilgo Komandantziako burua, aurreko martxoaren 8an izandako manifestazioen gaineko haren txostenagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Laurentino Ceña Guardia Zibileko zuzendari laguntzaile eragileak bere kargu-uztea proposatu dio Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroari, Diego Perez de los Cobos Madrilgo Komandantziako buruaren kargugabetzearen ostean, institutu armatuko bigarrenarengandik gertuko iturrien arabera.
Grande-Marlaskak astelehenean kargugabetu zuen Perez de los Cobos, "konfiantza galdu izateagatik"; izan ere, Perez de los Cobosek M8ko manifestazioen gaineko txostena helarazi zion epaitegiari, Grande-Marlaskari horren berri eman gabe.
Iturrien esanetan, hilabete honetan bertan erretiroa hartzea zen Ceñaren asmoa (jendaurrean ere hori zuen esana), 65 urte beteko baitzituen eta erretiratu nahi zuelako. Halere, karguan jarraitzeko aukera ere bazuen, adina gorabehera.
Madrilgo Guardia Zibileko buruaren kargugabetzeak, baina, Ceñaren erabakia azkartu du. Perez de los Cobosek txostena egin zuen M8ko manifestazioen gainean, alegia, Emakumearen Eguneko manifestazioen gainean, Espainiako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzak baimenduak. Txostena Madrilgo 51. Epaitegiko titularrari eman zion.
Guardia Zibileko bigarrena ez da ados izan M8ko ikerketan Espainiako Gobernuak egindako "esku-sartzearekin". Txostenean agertzen denez, data horretarako Gobernuak jada bazuen koronabirusaren osasun-krisiaren larritasunaren berri.
Osasun-krisiaren jarraipenaren batzorde teknikoko kide izan zen
Laurentino Ceña osasun-krisiaren jarraipenaren Batzorde Teknikoko kide izan zen, eta Moncloa Jauregian goizero ematen zituzten prentsaurreko telematikoetan parte hartzen zuen.
COVID-19a izan eta gaitza etxean igaro zuen. Alabaina, aurrerantzean ez zen berriro azaldu prentsaurrekoetan.
Grande-Marlaskaren erabakiak haserre handia eragin du Guardia Zibilaren elkargo profesionaletan eta institutu armatuko agintarien artean, izan ere, ez dute ulertzen Ministerioaren "esku-hartze" hori.
Pablo Salas Dibisioko jeneralak, Guardia Zibileko Informazio Zerbitzuko arduradun nagusia ere badenak, zuzendari laguntzaile eragilearen kargua hartuko du bere gain, ziur aski.