Politika -

Presoak

Sarek dio laguntza bat itzultzera behartzen duen epaiari "prebarikazioa" dariola

Euskal presoen eskubideen aldeko sareak gogor kritikatu du ebazpena, ideologia askotako pertsonak parte hartu zuten jardunaldi batzuk "alderdikoi"tzat jo dituelako.

Sareren ekitaldi bat, artxiboko irudian. Argazkia: Sare
Sareren ekitaldi bat, artxiboko irudian. Argazkia: Sare
Sareren ekitaldi bat, artxiboko irudian. Argazkia: Sare

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal presoen eskubideen aldeko Sare plataformak salatu duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak dirulaguntza bat itzultzera behartzen duen epaia, laguntza helburu "alderdikoietara" bideratu zuela iritzita, "prebarikazioa eta bidegabekeria" darion ebazpena da.

Herritarren sareak ohar batean azaldu duenez, ebazpenak Gasteizko Udalari exijitzen dio 5.000 euroko dirulaguntza Sareri eta Etxerati eskatzea. Udalak 2017an eman zizkien dirulaguntza horiek presoen eskubideen alde borroka egiten duten bi elkarte horiei.

Ebazpenaren arabera, Sareren eta Etxeraten proiektuak eta helburuak "alderdikoiak" dira, eta horregatik uste du administrazio publikoek ez dutela diruz lagundu behar. Udaleko Bizikidetza eta Aniztasuna sailaren baitan egindako diru-laguntza deialdi ofizial baten baitan banatu zituzten laguntzak.

Sarek gogorarazi du ebazpena Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak, PPk agintzen zuen garaian, jarritako salaketa baten ondorio dela, eta salatu du ebazpenak "gaindituak genituela uste genuen garaietara" eramaten dituela.

Herritar sareak azpimarratu du diruarekin, besteak beste, mahai-inguru bat antolatu zutela, eta tartean Luis Rodriguez Aizpeolea El Pais-eko kazetaria eta Edurne Portela eta Laura Mintegi idazleak zeudela. Sarek uste du horrelako ekitaldiak "alderdikoi"tzat jotzeari "prebarikazioa eta, ondorioz, bidegabekeria" dariola.

Bestalde, plataformak azaldu du "sekula ere ez" duela dirulaguntza publikorik jaso erakundearen egitura ordaintzeko, eta soilik "ideologikoki anitzak diren jardunaldi zehatz batzuk" antolatzeko jaso dutela diru publikoa.

Kolektiboak gaitzetsi du "euskal gizartearen gehiengo zabala bizikidetzarantz" doan bitartean, "epaitegietan oztopoak" jartzen saiatzen ari direnak daudela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Dirulaguntzak Euskadin