Politika -
Konstituzioaren erreforma
EAJk erreformaren kontra bozkatzea eskatu die PSEko diputatuei
Josu Erkoreka jeltzaleen Kongresuko bozeramaileak iragarri du bi zuzenketa aurkeztuko dituztela, Konstituzioan "foru erkidegoen" eskumenak eta euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea aitortzeko.
Erreforma
Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramaileak erreformaren kontra bozkatzeko eskatu die PSEko 9 diputatuei, eta lehendakariari "agindu" hori eman dezala eskatu dio, benetan defizita Konstituzioan mugatzearen kontra badago.
Gainera, Gobernuak eta PPk adostutako Konstituzioaren aldaketari bi zuzenketa aurkeztuko dizkiotela iragarri du. Konstituzioan "lurralde foralen" izaera eta euskal gizartearen autodeterminazio eskubidea aitortzea eskatuko dute.
Erkorekak Bilboko Sabin Etxean emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, PSE-EEk bederatzi diputatu ditu Kongresuan eta lehendakaria "benetan erreformaren kontra badago eta koherentea bada, agindu" egin behar die diputatu horiei erreformaren kontra bozka dezatela.
"Besoak irekita jasoko ditugu ekimenaren kontra gaudenok eta agerian utziko du euskal sozialistek PSOErengandik eta Madrilgo erakundeengandik autonomoak direla eta erabakiak hartzeko gaitasuna dutela", gaineratu du Erkorekak.
Dena dela, Erkorekak ez du espero halakorik eta Patxi Lopez ez dela koherentea izango uste du.
Lurralde foralak
Gainera, lehendakaria kritikatu du ez delako bera izan lurralde foralen errekonozimendua eskatu duena. Izan ere, zuzenketetako batean, EAJk Konstituzioaren 135. artikuluan lurralde foralak aipatzea eskatzen du, zor publikoa jaulkitzeko aukera izan dezaten, Estatuaren eta erkidegoen antzera.
"Eusko Jaurlaritza, eta lehendakaria bereziki, ez daude euskal erakundeen eta eskumenen ezaugarriak babesteko, PSOEko militantzia lehenesten dute erreformari buruz duten iritziaren aurretik", azpimarratu du buruzagi jeltzaleak.
Autodeterminazio eskubidea
EAJk, bestalde, beste zuzenketa bat ere aurkeztuko dio erreformari, Konstituzioan euskal gizartearen autodeterminazio eskubidea aitortzeko. Zuzenketa hori 1990ean Legebiltzarrak onartu zuen mozio batean oinarritzen da.
Hori horrela, autodeterminazio eskubidea egikaritzeko ekimenak euskal erakundeek, Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak, deitu behar dituztela eskatu dute zuzenketa horretan.
Erantzuna Urizarri
Proposamen horrek izan dezakeen etorkizunaz galdetuta, izan ere, atzo Pello Urizar EAren idazkari nagusiak esan zuen "ibilbide motza" izango zuela, buruzagi jeltzaleak esan du ibilbide bera izango duela EAJk aurkeztuta edo EAJk eta Bilduk osatutako aliantzak aurkeztuta.