Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Urizar: 'Gizartea bake-prozesua azkarra izatea eskatzen ari da'
Bilduren bozeramaileak ez du uste PSOE eta PP bakearen alde lan egiten ari direnik eta, azaldu duenez, EAJk erabakitze eskubidearen inguruan proposatutakoak, "tamalez", ez du arrakastarik izango.
Erredakzioa
Pello Urizar EAren idazkari nagusiak eta Bilduren bozeramaileetako batek onartu du, astearte honetan, euskal gizartea bake-prozesua azkarra izatea eskatzen ari dela; dena den, ez du zehaztu noiz bistaratuko diren koalizioak, Urizarren esanetan, emango dituen urratsak. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Pello Urizarrek argi utzi du ez duela uste PSOE eta PP bakearen eta normalizazioaren alde lan egiten ari direnik, eta azaldu duenez, EAJk erabakitze eskubidearen inguruan proposatutakoak, "tamalez" ez du arrakastarik izango.
Urizarrek, joan den ostegunean Donostian, urte politikoaren hasieran, egin zuen moduan, nabarmendu du askok eskatzen diotela Bilduri mugitzeko, baina ez "beste aldeari" (hau da, Espainiako eta Frantziako gobernuei eta alderdi batzuei). Pello Urizarrek uste du "argi" dagoela biktimak "funtsezkoak" direla abian dagoen prozesuan, baina zehaztu nahi izan du biktima "guztiek" hartu behar dutela parte prozesu horretan. "Bagenekien -esan du- Bilduri askok begiratuko ziotela udan zehar; Bilduren kideren batek egindako edozein adierazpenak kritika ugari sortu ditu; gure ustez, kritika horiek ez dute zentzurik izan".
EAren idazkari nagusiak nabarmendu du bere ustez oso garrantzitsua izango litzatekeela ETAk orain dela urtebete indarrean jarri zuen su-etena egiaztatu ahal izatea. "Madriletik luzatzen ari diren zenbait mezuk balioa galduko lukete", esan du, su-etena nahikoa edo benetazkoa ez dela diotenen inguruan hitz egitean. Bere ustez, hainbat eragile internazionalek eta neutralek egin lezaketen lana oso baliozkoa izango litzateke.
Diputatuen Kongresura joatea, "oso garrantzitsua"
Pello Urizarrek azpimarratu du oso garrantzitsua dela Diputatuen Kongresura joatea, datorren azaroaren 20ko haueskunde orokorren ostean, Euskal Herria "nazioa" dela aldarrikatzeko, eta, hortaz, "bere eskubideak" dituela gogoraratzeko. Halaber, Bilduren bozeramaileak esan du "orain" aukera ona dagoela "alderdi abertzale guztiek osatutako koalizio batekin" egoteko hauteskundeetan. Urizarrek azaldu du Bildu "hitz egiten ari dela" Aralarrekin, bi alderdiak elkarrekin joateko, eta, era berean, oraindik ez dutela EAJrekin batzarrik izan. "Espero dut EAJrekin ere hitz egitea", esan du, "iritzi guztiak islatu ahal izateko". Pello Urizarren ustez, Bilduk luzatutako eskaintzak ez du merezi hedabideetatik emandako erantzuna jasotzea.