Politika -

Koronabirusa

Etxeratek salatu du 5 presok ezin dituztela baimenak baliatu etxetik urrun daudelako

Osasun krisiagatik "presoen eskubideak murriztu" dituztelako gertatzen ari dela uste du elkarteak, eta martxotik ez delako tratamendu batzorderik egin.

Etxeraten protesta, artxiboko irudian. Argazkia: Efe
Etxeraten protesta, artxiboko irudian. Argazkia: Efe
Etxeraten protesta, artxiboko irudian. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxerat euskal presoen senideen elkarteak salatu du bost presok ezin dutela "asteburuko edo bestelako baimenik hartu" etxetik urrun daudelako, haien jatorrizko probintziatik kanpo.

Etxeratek ohar batean azaldu duenez, egoera horretan daude Jagoba Codo (Logroñon dago preso, eta "baimenaz gozatuko luke Gipuzkoan egongo balitz"); Xabier Agirre eta Oier Urrutia, Logroñon dauden preso arabarrak; eta Idoia Martinez eta Fernando Alonso, Asturiasen dauden Arabako eta Gipuzkoako presoak.

Agirre, Alonso eta Codo hirugarren graduan daude, eta euren probintzian egongo balira, egunero edo astebururo ateratzeko aukera izango lukete. Horregatik, zigorra etxean kontrol telematikoarekin betetzea, edo dagozkien lurraldeetako zentroetara eramatea eskatu dute.

Osasun krisiagatik "presoen eskubideak murriztu" dituztelako gertatzen ari dela uste du elkarteak. Era berean, martxotik ez omen da tratamendu batzorderik egin, ondorioz, ezin izan dute baimen berririk eman, ez aipatu hiruei, ez bigarren graduan dauden beste biei.

Hori bidegabekeria dela uste dute, ez dituztelako gainerako presoen pare tratatzen, alarma egoeraren fase honetan kartzeletara bisitak egin daitezkeela aintzat hartuta.

Aurki hiru hilabete beteko dituzte bisitarik gabe, gogorarazi du Etxeratek, eta berretsi ezin dela "beste egun bat ere pasatu gerturatzerik gabe", eta gaixo daudenak edo 65 urtetik gorakoak askatu gabe. "Ez dago egoera anker eta erabat diskriminatzaile honentzako tokirik", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa