Politika -
Konstituzioaren erreforma
PSOEk eta PPk zuzenketa bat eskaini diote CiUri, aurka egin ez dezan
Behe Ganberak errefusatu egin ditu alderdi jeltzalearen alegazioak. Gaur Konstituzioaren erreforma bozkatuko dute, eta, ondoren, Senatura pasatuko da.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak bozkatu egingo du gaur administrazio publikoen defizita mugatzea helburu duen Konstituzioaren erreforma, eta, ondoren, testua Senatura pasatuko da.
Taldeek atzo arteko epea izan zuten proiektuari zuzenketak aurkezteko. Orotara 24 aurkeztu zituzten, baina Behe Ganberako Mahaiak horietako sei errefusatu zituen, tartean EAJk eta ERCk autodeterminazio eskubidea onartzeko aurkeztutakoa eta IUren osoko zuzenketa.
EAJren eta ERCren zuzenketak baztertzeko, Mahaiak argudiatu du ez direla Konstituzioaren 135. artikuluari buruzkoak (hori da PSOEk eta PPk erreformatu nahi dutena), eta autodeterminazio eskubidea aitortzeko beste prozedura bat abiatu behar dela.
Saioa hasi baino lehen, Ganberako Mahaiak errefusatu egin ditu EAJren, ERCren eta IUren alegazioak, eta beraz, azkenean ez dituzte eztabaidatuko haien zuzenketak.
CiUren zuzenketak, ordea, bai eztabaidatuko dituzte. Hain zuzen ere, erkidegoen autonomia errespetatzea eta eurek euren defizit mugak ezarri ahal izatea eskatu du.
CiUk ez du zehaztu zer bozkatuko duen gaur, baina botoa zuzenketen erantzunaren araberakoa izango dela ohartarazi du.
Bere aldetik, Aitor Esteban EAJko diputatuak kritikatu egin du PSOEk eta PPk autodeterminazio eskubidea "eztabaidatik atera nahi izatea", eta gaia "tabu" dela salatu du.