Politika -
A-20ko hauteskundeak
Abertzale aurrerakoien batasuna nahi du EAk hauteskundeak irabazteko
Hauteskundeak irabazteko abertzale aurrerakoien bategitea eskatu du gaur Nafarroako EAko idazkariak, Maiorga Ramirezek. Irabazteko aukera “erreala” dela esan du.
Erredakzioa
Azaroko hauteskundeak irabazteko abertzale aurrerakoien bategitea eskatu du gaur Nafarroako EAko idazkariak, Maiorga Ramirezek. Aukera "erreala" dela eta dagoeneko UPNk eta PPk egin duten irakurketa "zuzena" izan dela esan du.
Bakea lortzeko aukera, behin betiko normalizazioa eta abertzale aurrerakoien sinergia bilatzeko testuinguruan EAren lan jardunaldi batzuren hasieran esan ditu hitzok Maiorgak.
Nafarroako "lehen indar politikoa izateko" abertzaleek duten aukeraren irakurketa politiko zuzena egin duela "Nafarroako eskubi foral eta espainiarrak" adierazi du Maiorgak. Horregatik, UPNk eta PPk ia "etsi-etsian" akordio "espresa" egin duela dio.
Izan ere, Ramirezen ustez, egun horretan Nafarroan "bi aukera politko egongo dira: eskuindarra eda abertzale eta ezkertiarra, aldaketa politikoan sinisten duena eta aldaketa hori jada martxan dagoela sinisten duena".
Horregatik, "beste eredu baten alde egiten dutenek, bakea eta normalizazioa nahi dutenek, Madriletik ezartzen dituzten neurri ekonomikoekin bat egiten ez dutenek eta herri honek erabaki propioak har ditzazkela sinisten dutenek", "eskubiari irabazteko indar nahikoa duen aukera bat" izatea nahi du EAk.
Honek guztiak, "sintonia bilatzeko eta eragozpen artifizialak, pertsonalak eta alderdikeriak alde batera uzteko" esfortzua behar du. UPN-PP paktu bati ezin zaiolako "ezberdintasunen azpimarratze" batekin erantzun esan du Ramirezek.
"Egoerak merezi duen" analisia egiteko eskatu die Nafarroako indar politikoei eta "une historiko honen garrantzia kontutan hartuta", batzen dituena, aldentzen dituenaren aurretik jartzea eskatu du, irabazteko aukerak "errealak" direlako.
Erronka honekin, EAk ez duela atzera begiratu nahi eta "ez dituela zenbait jokaera kontutan hartuko" esan du. Nafarroak "behar duen" eta "ongi eginez gero, eskubiari irabaziko dion" indar abertzale eta aurrerakoiaren aukera elektorala sortzeko.