Politika -

PSNko zuzendaritzaren bilera

Jimenez (PSN): 'Nafarroako Gobernuan krisia eragin du Barcinak'

PSNko idazkari nagusiaren ahotan, UPNko buruzagiak sozialistekin mantentzen zuen "konfiantza printzipioa urratu" du. Barcina "desleiala" izan da, Jimenezen hitzetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde orokorretara aurkezteko PPrekin lortutako akordioarekin Yolanda Barcina UPNko presidentea "desleiala" izan da eta Nafarroako Gobernua "krisi" egoeran eta "arriskuan" utzi du, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiaren esanetan.

PSNko zuzendaritzak bilera egin du gaur Iruñean PPk UPNrekin lortutako akordioa aztertzeko. UPNk sozialistekin Gobernu ituna dute eta Jimenez presidenteordea eta Justizia kontseilaria da Exekutibo horretan.

PSNk komunikatu batean azaldu duenez, Barcinak "krisia eragin du Nafarroako Gobernuan, koalizio gobernu batean konfiantza funtsezko osagaia delako" eta UPNko buruzagiak sozialistekin mantentzen zuen "konfiantza printzipioa urratu" du.

"Ezin daiteke sozialistekin Nafarroarako Gobernu programa bat adostu eta Espainian PPren programa onartu. Egitasmo antagonikoak dira, printzipioetan eta balioetan", PSNko buruzagiaren ahotan.

Horregatik, "Barcinak jarrera desleiala izan du Nafarroako Gobernuarekin. Hauteskundeetako interesak beste guztien gainetik jarri ditu. PSN Nafarroa funtzionatzeko lanean izan den bitartean, Barcinak hauteskundeetako kalkuluak egin ditu soilik", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea