Politika -

Juan Carlos I.a

Sanchez Konstituzioa aldatzeko prest agertu da, erregearen bortxaezintasuna mugatzeko

Estatuan ezin dela zigorgabetasunerako lekurik egon azpimarratu du Espainiako Gobernuko presidenteak, eta erregearen bortxaezintasunaren inguruan hausnarketa egin beharko litzatekeela gaineratu du.

Juan Carlos I.a, Espainiako erregea. Artxiboko argazkia: EFE
Juan Carlos I.a
Juan Carlos I.a, Espainiako erregea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Konstituzioan aldaketa bat egiteko prest agertu da asteazken honetan, Juan Carlos I.a Espainiako erregearen bortxaezintasuna mugatzeko helburuarekin, eta Estatuan ezin dela zigorgabetasunerako lekurik egon azpimarratu du.

"Bistan denez, Espainiako Konstituzioak jokabide politikoaren eta gizartearen eredugarritasun eskakizunen arabera eboluzionatu behar du", nabarmendu du Sanchezek elkarrizketa batean.

Testuinguru horretan, Espainian ez dagoela "zigorgabetasunerako lekurik" adierazi du behin baino gehiagotan, eta erregearen bortxaezintasunaren inguruan "hausnarketa egin" eta "zer irtenbide eman dakiokeen aztertu" beharko litzatekeela esan du.

"Hauteskundeen aurretik eta ondoren, orain koalizio-gobernuan eta aldez aurretik bakarka, Konstituzioaren erreforma planteatu duen gobernu bat da hau. Izan ere, kargudun publikoen aforamenduak berrikustea proposatu dugu, euren jarduera parlamentariora mugatuta egon daitezen soilik, ez beste batera. Beraz, aldaketa hori edozein kargudun publikorentzat defendatzen badut, estatuburuarentzat ere bai", azaldu du Sanchezek.

Espainiako Gobernuko presidenteak Juan Carlos I.aren ustezko negozioen inguruan ere hitz egin du, eta Mekarako Abiadura Handiko Trena (AHT) Espainiako enpresei esleitzeagatik ustez jaso zituen komisioak argitzeko ikerketa irekita dagoela adierazi du. Sanchezen iritzian, "kezkagarriak" eta "asaldagarriak" dira azkenaldian erregeari buruz ateratzen ari diren informazioak.

Dena dela, hedabideak horri buruzko informazioa ematen ari direla, botere judiziala lanean ari dela eta Errege Etxea "argi eta garbi ustezko praktika gaitzesgarri horietatik urruntzen" ari dela azpimarratu du Espainiako Gobernuko presidenteak.  "Hiru elementu horiek gure demokraziak funtzionatzen duela eta zigorgabetasunerako lekurik ez dagoela erakusten dute", horren arabera.

Bestalde, Felipe VI.aren etorkizuna ez dagoela arriskuan esan du Sanchezek, eta azpimarratu du Espainiako Errege Etxea bera dela "ustezko praktika gaitzesgarri horiekiko distantziak markatzen ari dena". "Utz diezaiogun justiziari lan egiten", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Juan Carlos I.a Espainiako Felipe VI.a Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Pedro Sánchez Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak