Politika -

Ipar Euskal Herria

Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidente izendatu dute datozen 6 urteetarako

Baionako alkatea bigarrenez aukeratu dute, aldeko 148 botorekin. Ez da kontrako botorik izan, baina 65 boto zuri zenbatu dira. Etchegaray izan da hautagaitza aurkeztu duen bakarra.

Jean-Rene Etchegaray, Baionako alkatea. Argazkia: EiTB
Jean-Rene Etchegaray, Baionako alkatea.
Jean-Rene Etchegaray Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoaren presidente aukeratu dute

1:6

Euskadi Irratia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidente izendatu dute gaur, ostirala, gehiengo osoarekin. Hala, Baionako alkate zentristak abertzaleen babesari esker jarraituko du karguan; izan ere, azkenean ez dute Ipar Euskal Herriko berezko instituzioa zuzentzeko hautagairik aurkeztu.

Kontseilu komunitarioko 232 kideak 09:00etan bildu dira, ezohiko leku batean, COVID-19ak eragindako pandemia dela eta. Hala, Laugako kiroldegian (Baiona) prebentzio-neurriak indartu dituzte gaitza zabaltzea saihesteko. Lehen puntua presidentearen aukeraketa izan da, eta gero beste gai batzuk bozkatu dituzte, tartean gobernantza berriarekin zerikusia duen bat.

Hain zuzen ere, aldeko 148 botorekin aukeratu dute Etchegaray Euskal Elkargoko presidente, bigarrenez. Ez da aurkako botorik egon, baina guztira 65 boto zuri zenbatu dira. Gainera, hogei bat boto-paperetan hautagaitza aurkeztu ez duten beste alkate batzuen izenak agertu dira: Alain Iriart (16), Claude Olive (2) eta Bernanrd Lougarot (1).

Bozketarekin hasi aurretik, Etchegarayk orain arte hartutako erabakiak gogorarazi ditu, eta hiru urtetan 21 politika publiko onartu dituztela nabarmendu du bere hautagaitza defendatzeko unean. Hala, erakunde horren oinarriak finkatzeko "apaltasunez eta arduraz" lanean jarraitzeko eskatu du. Irakaskuntzan, euskara bultzatzeko proiektuak sustatzea proposatu du Baionako alkateak.

Azken unera arte, Etchegarayk ez du jendaurrean baieztatu berriro aurkeztuko asmua zuenik, baina azken egunetan aurreko herri elkargoen egoitzak bisitatu ditu, eta asmo hori zuela ziurtatu zien herritarrei, Euskadi Irratiak ostiral honetan aurreratu duenez.

Ildo horretatik, Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) alkate eta Euskal Herria Bai koalizioko hautagaiak ez du bere hautagaitza aurkeztu, ezta Claude Olive Angeluko alkate kontserbadoreak ere. Hala, azkenean ez da beste hautagairik izan, eta beraz, Ipar Euskal Herriko lehen berezko instituzioak bide beretik jarraituko du datozen sei urteetan, aldaketa gutxi batzuekin.

Bilkuretan, uda honetan bertan, kontseilu iraunkorra eta exekutiboa hautatuko dituzte: 272 hautetsi kontseilu orokorrean, 72 hautetsi iraunkorrean eta 34 exekutiboan. Presidentzia ordetzak ere aukeratuko dituzte, 15 guztira.

Aurrerantzean, Euskal Elkargoak ordezkari gehiago izango ditu, eta aurreko herri elkargoetako administrazio guneek protagonismoa eta eskumenak berreskuratuko dituzte. Lehen osoko bilkuran, Etchegarayk 214 botoetatik 157 lortu zituen, eta haren kontrakoek 51 boto eman zizkioten Bernard Lougarot Gotaingo alkateari.

Jatorrizko informazioa Euskadi Irratiak landu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea Paris Frantzia Baiona Gizartea Ipar Euskal Herriko Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Jean-René Etchegaray