Politika -
Bateragune auzia
Otegi zigortu egingo du Auzitegi Nazionalak, hedabideen arabera
Banda armatuko kide izateagatik hamar urteko espetxe-zigorra ezarriko dio Batasunako buruzagiari auzitegiak, Ser irratiaren esanetan. Argudio berdinak erabilita, Diez Usabiaga zigortuko du auzitegiak.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak hamar urteko kartzela-zigorra ezarriko dio Arnaldo Otegiri Bateragune auziarengatik, Fiskaltzak eskatu zuen moduan, Ser irratiaren arabera. Antzeko zigorra ezarriko diote Rafa Diez Usabiagari.
Batasunako buruzagiari banda armatuko kide izatea leporatuko dio auzitegiak. Irratiak aipatutako informazio iturri juridikoen arabera, Bateragune ETAren edo ezker abertzalearen kontrolpean dagoela frogatutzat jo du auzitegiak, eta baita Otegi erakunde horretako kide dela ere.
Vicente Gonzalez fiskalaren bertsioa bere egin du Auzitegi Nazionalak ostiral honetan igorriko duen sententzian.
Hamar urte Diez Usabiagari
Ia argudio berdinak erabilita, Rafa Diez Usabiaga LAB sindikatuko idazkari nagusi ohia zigortuko du auzitegiak, ETAko kide izatea egotzita. Hamar urteko kartzela-zigorra ezarriko dio epaitegiak.
Ser irratiak erabilitako iturrien arabera, zortzi auzipetuetatik bost zigortuko ditu auzitegiak, Fiskaltzak epaiketan hiru auzipeturen aurkako akusazioa atzera bota eta gero.
Otegi prebentzioko espetxeratzean dago duela bi urtetik, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto bezala. Rafa Diezi, ordea, behin-behineko askatasuna ezarri zioten bere ama zaintzeko.