Politika -

ETAko presoak

ETAko hiru preso Logroño, Soria eta Palentziako kartzeletara lekualdatuko dituzte

Gorka Vidal Alvaro Kordobatik Logroñora eramango dute, Miguel Guillermo San Argimiro Isasa Caceresetik Soriara lekualdatuko dute eta Iñigo Vallejo Franco Sevillatik Dueñas-La moralejara eramango dute.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Terrorismoagatik zigortutako ETAko hiru preso Logroño, Soria eta Dueñas-La moraleja (Palentzia) espetxeetara lekualdatzea adostu du Espetxe Zuzendaritzak.

Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak astearte honetan jakitera eman duenez, Gorka Vidal Alvaro 2004an Izkur Badillorekin batera Madrilen atentatu bat egiteko furgoneta batean 536 kilo lehergai zeramatzatela (506 kilo kloratita eta 30 kilo dinamita) atxilotu zuten presoa da lekualdatuko duten bat.

Vidal Alvaro, Kordobako kartzelatik Logroñokora eramango dute. 2004ko martxoaren 4an espetxeratu zuten eta 20 urteko kartzela-zigorra betetzen ari da talde armatuarekin kolaboratzeagatik, armak edukitzeagatik eta sortutako hondamenengatik.

2019ko otsailean zigorraren hiru laurdenak bete zituen, era berean, espetxe legedia onartu eta programatutako jardueretan parte hartu du. Beraz, Idazkaritza Nagusiak bigarren gradua eman dio.

Bigarren presoa Miguel Guillermo San Argimiro Isasa da, egun Caceresko espetxean dago eta Soriako espetxera eramango dute.

2002ko maiatzaren 19an espetxeratu zuten, Madrilen atentatuak egiteko prest zeuden bonba-auto batekin eta bonba-lapa batekin atxilotu ostean.

ETAko presoak 25 urteko kartzela-zigorra bete behar du, eta 2021eko otsailean zigorraren hiru laurdenak beteko ditu.

Espetxeetako legedia onartu eta programatutako jardueretan parte hartu ostean, Caceresko espetxeko Tratamendu Batzordeak proposatu du bigarren gradua ematea eta familiatik gertu dagoen zentro batera lekualdatzea.

Hirugarren presoa Sevilla II espetxetik Dueñasera lekualdatzea erabaki dute, Iñigo Vallejo Franco 2002ko ekainaren 21ean eta 22an egin zen Europako Kontseilua dela-eta, atentatu-kanpaina bat egiteko lehergailuak jarri izana leporatzen zaiona, hain zuzen.

Vallejo 2013ko urriaren 17an kartzelatu zuten, eta 28 urte, sei hilabete eta egun bateko zigorra betetzen ari da, erakunde terroristako kide izatea, lesioak egitea, lehergailuak edukitzea eta agiri publikoak faltsutzea egozten diote.

2033ko uztailean zigorraren hiru laurdenak beteko ditu. Presoak espetxe legedia onartu du, eta eragindako mina aitortzen duen idatzi bat bidali du, biktimekiko enpatia erakusteaz aparte.

Lehen graduan sailkatzeko malgutasun-printzipioa aplikatzen duen ebazpen judizialaren aurrean, eta Sevilla II espetxeko Tratamendu Batzordeak proposatuta, Dueñasera lekualdatzea erabaki da, Espetxeen Zuzendaritzak azaldu duenez.

Beste behin ere, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) lekualdaketa horiek salatu ditu, eta Twitterren duen kontuan adierazi duenez, dagoeneko 50 dira Pedro Sanchezen Gobernuak Euskal Herritik gertu dauden kartzeletara edo euskal kartzeletara hurbildu dituen ETAko presoak.

"Oso deigarria da geratzen zaien kondena denbora. Soilik bete dituzte: 28 urteko zigorretik 7, 25etik 8 eta 20tik 6, hurrenez hurren", idatzi du elkarteak.

Eta gogora ekarri du Herrizaingo Sailak ziurtatu ziela "hurbilketa indibidualizatuak eta puntualak" izango zirela, baina "orokortzen ari dela ikusten ari gara".

"Presoak Justiziarekin elkarlanean aritzea berresten dugu, espetxealdiaren egoera hobetzeko", gaineratu du AVTk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Presoak ETA Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak Terrorismoaren Biktimak Logroño azken ordukoa