Politika -

ETA

Auzitegi Nazionalak Marixol Iparragirreri 122 urteko espetxe-zigorra ezarri dio

Frantziak iragan udazkenean Espainiaratu zuenetik aurreneko zigorra da. Auzitegi Nazionalean beste 11 auzi zain ditu.

Marixol Iparragirre, 'Anboto', Auzitegi Nazionalean. Artxiboko argazkia: EFE
Marixol Iparragirre, 'Anboto', Auzitegi Nazionalean. Artxiboko argazkia: EFE
Marixol Iparragirre, 'Anboto', Auzitegi Nazionalean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

122 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak Marixol Iparragirre Anboto ETAko buruzagi ohiari, Luciano Cortizo Armadako komandantea "hiltzeko agindua" ematea eta "lehergaiak hornitzea" egotzita. ETAk Lehor-armadako buruzagia 1995eko abenduaren 22an, Leonen, hil zuen. Ibilgailuaren eserleku azpian lapa-bonba jarri zioten.

Frantziak Anboto iragan udazkenean Espainiaratu zuenetik aurreneko zigorra da. Auzitegi Nazionalean beste 11 auzi zain ditu.

“Helburua finkatu, lehergaiak erraztu eta lapa-bonba egiteko, garraiatzeko eta auto barruan, eserleku azpian, jartzeko argibideak eman zituen, egilea arriskuan jarri barik xedearen heriotza ziurtatzeko”, azaldu du Auzitegi Nazionalak.

Aretoaren hitzetan, Iparragirrek Sergio Polo Lur-i erasoa egiteko agindua eman zion. Polok berak bakarrik ETAko taldea osatzen zuen. Lur-i 110 urteko espetxealdia ezarri zioten atentatuagatik.

"Torturapean hartutako deklarazioak oinarri hartuta eraikitako auziekin, bizi osorako espetxe zigorrak inposatzen segitzen du espainiar Estatuak", salatu du Sortuk Twitter sare sozialean.  

"Euskal Herrian bakea eraikitzeko ekarpen handia egin duen pertsona da Marixol. Baina bidea oztopatzen segi nahi dute batzuek", erantsi du alderdi abertzaleak.

Marixol Iparragirrek, Josu Urrutikoetxearekin batera, ETAren azken agiriari ahotsa jarri zion.

Iparragirre ETAko militante historikoa da. ETAn 1981an sartu zela uste da. Araba eta Madril taldeetakoa kidea izan zen, 1984-1987 eta 1992-1993 urteetan, hurrenez hurren. Ondoren Frantziara ihes egin zuen.

2004ko urriaren 3an atxilotu zuten, Salis-de-Bearneko etxe batean, Mikel Albisurekin batera. Garai hartan ETAren finantzazioaz arduratzen zen Iparragirre.

Mikel Albisu eta biei 20 urteko espetxe-zigorra ezarri zien Parisko Auzitegiak, 2010eko abenduaren 17an. Ebazpenaren arabera, Albisu ETAko buruzagi politikoa zen eta Iparragirre erakundearen finantzazio arduraduna.

2012ko apirilaren 13az geroztik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) bozeramaileetako bat da Iparragirre.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Espainia ETA Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak