Politika -

Bateragune auziaren ebazpena

Rafa Diez kartzelan sartu dute, Auzitegi Nazionalak eskatuta

LABen idazkari nagusi ohiak esan du ez duela ihes egingo eta bere "bakearen alde eta irtenbide demokratikoak bilatzeko" lan egingo duela hitz eman du.

Rafa Diez LABen idazkari nagusi ohia, artxiboko irudian. Argazkia: EITB
Rafa Diez LABen idazkari nagusi ohia, artxiboko irudian.
Auzitegi Nazionalak kartzelara bidali du Rafa Diez

02:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak Rafa Diez Usabiaga LABen idazkari nagusi ohia kartzelatzeko agindua eman du Bateragune auziagatik ezarri dioten 10 urteko kartzela-zigorra bete dezan.

Auzitegiak Vicente Gonzalez Mora fiskalak eta Juan Carlos Rodriguez Segura Voces Contra el Terrorismo herri-akusazioaren abokatuak egindako eskaria onartu du horrela.

Ez duela ihes egingo

Iñigo Iruin defentsa abokatuak, berriz, 2010eko apirilaren 26an ezarritako bermepeko askatasunean jarraitzeko eskaria egin du, auzipetuak amai zaintzen jarraitu ahal izateko.

Diezek azken hitza eman diotenean azaldu duenez, inoiz ez da ETAko kide izan eta "are gutxiago" buruzagi. Aske jarraitzen badu ez duela ihes egingo hitz eman ondoren, honakoa adierazi du Diezek: "Herriaren alde, bakearen alde eta irtenbide demokratikoak bilatzeko lanean jarraituko dut".

Zigorrak jakinarazi ditu

Auzitegi Nazionalak zigorrak jakinarazi dizkie gaur Arnaldo Otegi Batasunaren bozeramaile ohiari, Rafa Diez Usabiaga LABen idazkari nagusi ohiari eta Bateragune auziagatik zigortutako gainerako auzipetuei, epaitegiko iturriek jakitera eman dutenez.

Angela Muriilo, Teresa Palacios eta Juan Francisco Martel epaileek, aipatu auzipetuez gain, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez ere deitu dituzte zortzi urteko kartzela-zigorra ezarri dietela jakinarazteko. Sonia Jacintori ere zigor bera jarri zioten, baina dagoeneko jakinarazi diote eta kartzelan dago. Auzitegi Nazionaleko ziegan jaso dituzte zigorra Otegik, Zabaletak eta Rodriguezek.

Gainera, absolbituta geratu ziren hiru auzipetei (Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra) ere eman diete ebazpenaren berri.

Ezker abertzalearen erreakzioa

Txelui Moreno ezker abertzaleko bozeramaileak Auzitegi Nazionaleko ateen aurrean adierazi duenez, "Espainiako Estatuak eraso politiko bortitza egin dio Euskal gizarteari, eta horri modu demokratikoan erantzun behar diogu".

Morenoren hitzetan, epaia "gaitzesgarria da eta gure herria eszenatoki ezberdin batera eramaten saiatu zirenen aurkako mendekua da".

LABen erreakzioa

Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari orokorrak esan du Bateragune auziko erabakia "onartezina" dela. Bere ustez, "helburu eta jatorri politikoak" ditu epaiak, Espainiako Gobernua "gero eta ahulago" dagoelako.

Etxaideren ustez, Espainiako Gobernua "duen indarra erakusten saiatu da, errepresioaren bidez". Euskal gatazkari "erantzun politikoa emateko gai" ez dela nabarmendu du LABeko idazkari orokorrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea