Politika -

Opor fiskalen auzia

Jaurlaritzak Bizkaiko Aldundiari gauzak 'argi' zehazteko eskatu dio

90eko hamarkadan laguntza fiskalak jaso zituzten Bizkaiko 26 enpresak Ogasunari guztira 65 milioi euro itzuli beharko dizkiotela azaldu du Juan Maria Aburto Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak.

Jaurlaritzak Bizkaiko Aldundiari gauzak 'argi' zehazteko eskatu dio

01:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Bizkaiko Aldundiari gauzak "argi" zehazteko eta 1990eko hamarkadan enpresek jasotako laguntza fiskalen inguruan egia esateko eskatu dio.

Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak atzo egindako adierazpenak ekarri ditu gogora Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu bileraren ostean egindako agerraldian. Lujuak Bizkaiko Aldundiak laguntza fiskalen inguruan egindako "irizpide aldaketarekin harrituta" eta "desengainatuta" sentitzen zela adierazi zuen atzo.

Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak orain gutxi enpresei garai hartan jasotako laguntza "guztiak" itzultzeko eskatuko zaiela esan du. Jaurlaritzako bozeramaileak euskal patronalaren "harridura" ulertzekoa dela adierazi du, bere esanetan, Bizkaiko Aldundiak "urteak daramatza ez dagoela kezkatzeko motiborik" esanez, "laguntza horiek" errekuperatu zirela argudiatuta eta orain "itzuli egin behar direla esanez harritu gaituzte guztiak".

Hori dela eta "nahasteari" amaiera jartzeko eta gertatu dena "zehatz" azaldu eta erantzukizunak hartzeko eskatu dio.

Bizkaiko Aldundiaren azalpena

90. hamarkadan laguntza fiskalak jaso zituzten Bizkaiko 26 enpresek Ogasunari guztira 65 milioi euro itzuli beharko dituztela argitu du Juan Maria Aburto Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 1993ko "opor fiskalak" eta "miniopor fiskalak" legez kanpokoak zirela adierazi zuen ekainean eta uztailean kaleratutako epaietan. Gainera, laguntza guztiak ez errekuperatzeagatik Espainiari isun handia jartzeko eskatu zion Europako Batzordeak Auzitegiari.

Isun hau, laguntza guztiak berreskuratzen diren arte handitzen doan isuna, 40 milioi eurokoa dela esan du Aburtok. Gainera, balio finko horri eguneko 260.000 euroko balio aldakorra gehitu behar zaio; zortzi milioi inguru, hileko.

Bizkaiko Aldundia eta Europar Batasuna ez datoz bat berreskuratu beharreko laguntzen zebatekoan. "Laguntzak 100.000 eurorainokoak balira eta enpresaren batek 120.000 euro jaso izan balitu, Aldundiaren irizpideari jarraituta, 20.000 euro horiek itzuli ziren; gainditzen zena. Batzordeak berriz, osorik itzuli behar direla uste du", azaldu du Aburtok. Horregatik esan du Aldundiak beti laguntzak berreskuratu egin zituela.

Javier de Andres

Arabako ahaldun nagusiak, Javier de Andresek, aurreko foru gobernuak laguntza fiskalen inguruan hartutako erabakiak babesten dituela esan du. Bizkaian irizpideak aldatu izanak lankidetza judiziala zaildu lezakeela uste du De Andresek.

Bizkaiak iragarpen hori egin eta gero lankidetza judizial hori eutsi ahal izango dioten ikertu beharko da, Arabako ahaldun nagusiaren ustez, erabaki horrek elkarlan hori zaildu lezakeelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea