Politika -

Erreakzioak

Elkarrekin Podemos pozik azaldu da Bateragune auziaren epaiaren baliogabetzearekin

Pilar Garrido Elkarrekin Podemoseko koordinatzailearen hitzetan, epaia "bidegabea" zen, eta, "funtsean, epaiketa politikoa izen zen".

Pilar Garrido Elkarrekin Podemoseko koordinatzailea. Argazkia: EFE
Pilar Garrido Elkarrekin Podemoseko koordinatzailea
Pilar Garrido Elkarrekin Podemoseko koordinatzailea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pilar Garrido Elkarrekin Podemoseko koordinatzailea pozik azaldu da Auzitegi Gorenak Bateragune auziko epaia baliogabetu ostean, epaia "bidegabea" zelakoan.

Arnaldo Otegik, Rafael Diez Usabiagak, Arkaitz Rodriguez Torresek, Sonia Jacinto Garciak eta Miren Zabaleta Telleriak jarritako helegiteak aintzat hartu eta, terrorismoa egotzita, auzipetuei 2012an ezarritako 6 urte eta 6 urte eta erdi arteko kartzela-zigorrak bertan behera utzi ditu Goreneko Bigarren Salak.

Horren harira, Garridok gogorarazi duenez, Elkarrekin Podemos "argi eta garbi" mintzatu da hasieratik. 2015ean bertan esan zuen epaiketa horrek ez zeukala "bermerik, delituen erabileragatik eta prozesu judizialagatik". "Funtsean, epaiketa politikoa zen; ez geunden ados eta bere garaian Otegi aske uzteko eskatu genuen", azpimarratu du. "Pozten gara Gorenak Europako Auzitegiaren irizpide bera jarraitu izanagatik, hala izan beharko baitzen beti, baina ez da hala izaten", gaineratu du Garridok.

Ezker Anitza-IU

Bestalde, Ezker Anitza-IU Gorenaren erabakiarekin pozik agertu da, “nahiz eta berandu iritsi, egindako bidegabekeria aitortzen duelako”.

Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusiak ohar batean azaldu duenez, “Espainiako Justiziaren zehaztasun eta inpartzialtasun faltak harritzen gaitu, dagoeneko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak epaiketa inpartziala izan ez zutela ebatzi duela jakinda”.

“Zoritxarrez epaia berandu heldu da; izan ere, Auzitegi Nazionalak ezarritako espetxe-zigor guztiak bete dituzte; hala ere, Justiziak gehiegikeria ordaindu beharko du”, adierazi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika ETA Epaiketak Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi