Itxi

2020/08/04

17:19

Politika

ESPAINIAKO GOBERNUA

Sanchezek dio ez dakiela non dagoen Juan Carlos I.a

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Espainiako Gobernuko presidenteak defendatu egin du Errege Etxearen erantzuna "egokia" izan dela.

1:3
Pedro Sanchez, astearteko prentsaurrekoan. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Errege Etxeak erantzun "egokia" eman du Juan Carlos I.aren ustezko negozio opakuek sortutako egoeraren aurrean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen esanetan. Egoera horren ondorioz, Espainiako errege emerituak Espainiatik alde egin du.

Sanchezek prentsaurrekoa eman du, Moncloan, ikasturte politikoaren balantzea egitea helburu; kazetarien aurrean, Espainiako presidenteak erakunde monarkikoaren alde egin du, eta nabarmendu du erakundeak ez direla epaitzen, pertsonak baizik.

"Demokrazia indartsu bati dagokion erantzuna" eman du Espainiak, Sanchezen iritziz, aurreko Estatuburuaren negozio pribatuen gainean jakitera eman izan dutenaren harira.

Bestalde, Sanchezek ziurtatu du ez dakiela errege emeritua non dagoen, ez baitu horren gaineko informaziorik. Esan duenez, Juan Carlos I.ari edo Errege Etxeari dagokie datu hori jakitera ematea. Nolanahi ere, azpimarratu duenez, "garrantzitsuena" da, "Espainiako beste edozein herritar bezala", Justiziaren esanetara dagoela.

Moncloan zeuden kazetariek galdetu diote Espainiako Gobernuak baieztatzerik duen errege emeritua Portugalen dagoen, eta Sanchezek labur erantzun du: "Ez dut informazio hori".

Espainiako Gobernuko buruak azpimarratu du Felipe VI.arekin dituen bileretan hitz egiten dutena "ezkutuan" gordeko duela; izan ere, Errege Etxearen eta Sanchezen arteko "konfidentzialtasuna eta diskrezioa" daude, eta horiek babestu egin behar ditu.

"Errespetua", erabakiaren aurrean

Hori esanda, Sanchezek adierazi du Estatuburuaren erabakiak "errespetatu egiten" dituela, eta zehaztu du Errege Etxeari dagokiola erabakitzea noiz emango dituen jakitera "hau bezalako kontu jakin batzuk".

Juan Carlos I.aren abokatuak astelehen honetan zabaldutako agiriaren harira, Espainiako presidenteak nabarmendu du "garrantzitsuena" dela errege emerituak Justiziaren esanetara jarri duela bere burua, "gainerako espainiarrek bezala".

Galdetu diote, gerora, Espainiako Gobernuari berdin ote zaion Juan Carlos I.a zein herrialdetan dagoen, eta Sanchezek, beste behin, Errege Etxea izan du hizpide: "Errege emerituak edo Errege Etxeak eman beharko dute jakitera informazio hori, ez Espainiako Gobernuak. Bi erakunde desberdin dira".

Prentsaurrekoan, halaber, galdetu diote Sanchezi nork ordainduko duen errege emerituaren egonaldia, biziko den herrialdean. Espainiako Gobernuko presidenteak, horren aurrean, Estatuko Aurrekontu Orokorrek Errege Etxeari ematen dien diru-kopurua aipatu du.

Juan Carlos I.aren segurtasunari dagokionez, Sanchezek, berriro ere, saihestu du erantzutea, eta adierazi du errespetatzen duela Errege Etxeak hartutako erabakia.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;