Politika -
Iruñea
Mayak uko egin dio borboi-armarriak kentzeari eta monarkiaren rola defendatu du
Iruñeko alkateak adierazi duenez, "errege emerituak egin duena fiskalek eta epaileek baloratu beharko dute".
Agentziak | Erredakzioa
Enrique Maya Iruñeko alkateak azpimarratu du "oso argi" duela ez dituela kenduko udaletxeko eraikinean dauden borboien armarriak.
Udaletxeko atarian eta udalbatza-aretoan dauden errege familiaren bi armarri kentzeko eskaerari buruz galdetuta, Mayak esan du ez duela arrazoirik ikur horiek kentzeko.
Alkateak adierazi duenez, "errege emerituak egin duena fiskalek eta epaileek baloratu beharko dute". Eta "Espainian demokraziarako trantsizioan monarkiak duen funtsezko papera" defendatu du.
"Gauza bat da errege emerituak une jakin batean egin duena eta beste bat monarkiari buruz batzuek egin nahi duten eztabaida", adierazi du.