Politika -
Elkarretaratzeak hiriburuetan
Ehunka pertsonek Bateraguneren epaia arbuiatu dute
Bilbon komunikatu bat irakurri dute elkarretaratzearen amaieran. Sententzia "anakronikoa" eta "Euskadiren errealitate politiko eta sozialetik at" dagoela adierazi dute agirian.
Erredakzioa
Bateragune auziarengatik epaitutako Batasunako buruzagi eta militante ohiei ezarritako zigorraren aurka protesta egiteko elkarretaratzeak egin dituzte gaur EAEko hiriburuetan.
Bilbon elkarretaratze isila egin dute, Gernikako Akordioko sinatzaileek deituta. Protesta 19:30ea hasi da eta Jone Goirizelaia abokatuak, Tasio Erkiziak, Carmelo Landak eta Nico Moreno Elorrioko alkate ohiak parte hartu dute, besteak beste.
Elkarretaratzearen amaieran komunikatu bat irakurri dute. Sententzia "anakronikoa" eta "Euskadiren errealitate politiko eta sozialetik at" dagoela adierazi dute agirian. Arnaldo Otegiri eta Rafa Diez Usabiagari 10 urteko espetxe-zigorra ezarri die epaiak.
Gasteizen, 200 lagun baino gehiago bildu dira Andra Mari Zuriko Plazan, "Epaiketa politikorik ez. Eskubide guztiak guztiontzat" lelopean.
Peio Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak eta Antton Morcillo ezker abertzaleko buruzagiak elkarretaratze isilarekin bat egin dute.