Politika -

Eneko Goia

"Etxeratze agindua ez itzultzea gustatuko litzaidake"

Donostiako alkatea kezkatuta agertu da egoitzen egoerarekin, eta pandemiarako soberakinak erabiltzeko neurria aplikagarria ez izatea espero du.

Eneko Goia. Irudia: EiTB
Eneko Goia
Eneko Goia. Irudia: EiTB

RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Goia Donostiako alkateak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan azaldu duenez, ez dago ados Estatuak pandemiagatik udaletako soberakinak erabiltzeko hartutako erabakiarekin. Goiak neurri hori EAEn "aplikagarria" ez izatea espero du, kontzertu ekonomikoari eta aldundien paperari esker. Goiak adierazi duenez, "soberakina gobernu zentralari ematea beste esparru batean gertatzen ari den eztabaida da, eta gaur egun ez dio udal gobernuari eragiten", eta Donostian ez dagoela "soberakin erraldoirik" adierazi du.

Pandemiaren egoerari dagokionez, egoitzen egoerarekin kezkatuta agertu da, "biztanleria ahulena" dela eta. Gaineratu duenez, ez du "kanpoko irteeren eta egoitzetako bisiten arriskua balioztatzeko elementurik, baina ahal den neurrian komenigarria litzateke horiei eustea".

Pandemiak eragin handia izan du turismoaren sektorean, eta Donostiako alkateak adierazi duenez, abuztuan okupazioa uztailean baino pixka bat handiagoa bada ere, mailak oso baxuak dira aurreko urteekin alderatuta. Bestalde, gauaren testuinguruak asko kezkatzen du Donostiako lehen zinegotzia: "Segurtasun neurriak bete daitezen bezain konplexua da. Asko jaisten dugu guardia, hori aitortu behar dugu". Horregatik, gaueko aisialdirako murrizketen alde agertu da. "Etxeratze agindua berriro ez egotea gustatuko litzaidake, baina gure jokabidearen araberakoa izango da", gaineratu du.

Aurten Aste Nagusia bertan behera geratu bada ere, Udalak hainbat kultur eta kirol ekitaldi antolatu ditu abuztu amaierara arte, eta horrek nolabaiteko ezinegona sortu du. Goiak errespetatu egiten du 'Abuztua Donostian' programazioan parte ez hartzeko PSE-EEren erabakia, baina ez dator bat: "Programatu diren jarduerak kulturalak dira jai ekitaldiak baino gehiago".

Eusko Jaurlaritzaren osaketaz ere hitz egin du Eneko Goiak: "EAJren eta PSE-EEren arteko elkarrizketek bere bidea jarraitzen dute, konfiantza dut emaitza positibo batean". Alkatearen arabera, zorroen banaketak negoziazioetan bere pisua duen arren, "ez da programa bezain garrantzitsua".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Donostiako Aste Nagusia Donostia Eneko Goia Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak