Politika -

Politika orokorreko eztabaida

Lehendakariak presoak hurbiltzea proposatu du 'adostasunerako itunean'

Euskal gizartearen aniztasuna, memoria, ETAren amaiera, kartzela politikaren aldaketa eta alderdi demokratikoak legalizatzea ditu oinarri.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak "adostasunerako ituna" eskaini dio euskal gizarteari Gasteizko Legebiltzarrean gaur egiten ari diren Politika orokorreko eztabaidaren baitan.

Lehendakariak esan du "ziur" dagoela "aro terroristari amaiera ematen" ari zaiola euskal gizartea eta horrexegatik erabaki omen du ituna proposatzea.

Patxi Lopezek aitortu du "herritarren adostasuna" ezin dela "dekretuz" ezarri. Hori dela eta, "euskal gizarteak bat egitea, barne zatiketak baztertzea eta elkarbizitzarako oinarriak adostea" beharrezkoa dela uste du.

"Adostasunerako ituna" 10 puntutan oinarritzen da. Lehenengoa "Euskadi gizarte anitza" dela aitortzean datza, anitza "planteamendu politikoetan eta herritarren identitatean". Horretarako, itunaren beste zutabeetako bat "besteen pentsaerarenganako tolerantzia" da.

Biktimei dagokienez, "gertatutakoaren egiazko kontaketa" egitearen garrantzia azpimarratu du, hori baita "memoriaren dimentsio publikoa". Gainera, "terrorismoaren biktimen" aitortza publikorako "merezi duten espazio publikoak" eskainiko zaizkiela hitz eman du.

Elkarbizitzarako "bide bakarra" sistema demokratikoan sartzea dela gogorarazi du. Hala, ETA behin betiko desagertzea "helburu ukaezina" dela berretsi du: "Denok eskatu behar diogu ETAri, publikoki eta irmotasunez, ekintza terrorista guztiak alde batera uzteko eta baldintzarik gabe desagertzeko".

Horren harira, lehendakariak "ETA publikoki eta betiko bazter dezatela" eskatu die presoei, haien "gizarteratzea posible izateko eta demokrazian sartu ahal izateko". Era berean, kartzela politikan aldaketak egitea proposatu du "aro terrorista amaitzeko" eta, besteak beste, "presoak gerturatzea" izango litzateke neurrietako bat.

Bestalde, adostasunerako itun horretan "sistema demokratikoa onartzen eta legea betetzen duten sentsibilitate politiko guztien legezkotasuna" aldarrikatu da.

Proposamenaren azken puntuan, lehendakariak berretsi egin du "giza eskubideetan eta balio demokratikoetan oinarritutako herri bat osatzeko" borondatea duela, "bakean eta askatasunean bizi nahi duen euskal gizarte bat lortzeko".

"Esperantzarako garaia"

Ezker abertzaleak eta ETAk emandako pausoen ondoren sortu den egoera politikoari dagokionez, lehendakariak esan du "garai desberdin" baten aurrean daudela eta "esperantzaz" gainezka dagoela.

Patxi Lopezek azaldu duenez, "Zuzenbidezko Estatuak eta printzipio demokratikoen alde egin dugun defentsak behartuta, duela gutxi arte ETA babesten zutenek mugitu egin behar izan dute demokrazian sartzeko. Horrek aldaketa bat eragin du: terrorismoa, orain arte ezagutzen genuena, betiko amaitu da. Desagertu egin da hiltzaileen eta babesa ematen zieten herritarren arteko aliantza maltzurra".

Lehendakariak uste du euskal presoek Gernikako Akordioarekin bat egin izana "albiste ona" dela, "ETA desagertzeko beste pauso bat delako" eta horrexegatik, deia egin die presoei: "Berreskura dezatela haien ahotsa eta eman ditzatela pausoak terrorismoa behin betiko bukatzeko".

Bakearen, Askatasunaren eta Kulturen Nazioarteko Eguna

Patxi Lopezek iragarri du datorren urtean "Bakearen, Askatasunaren eta Kulturen Nazioarteko Eguna" egingo dutela "memoriaren alde eta elkarbizitza eraikitzeko artearen, kulturaren eta pentsalarien ikuspuntutik".

Era berean, Memoriaren eta Tolerantziaren Institutua sortuko dutela iragarri du. Institutu horrek bi helburu izango lituzke: "Biktimak oroitzeko ekintzen eta erakundeen koordinazio lana egitea eta gertatutakoaren kontaketa sustatzea memoria kudeatuz".

Institutu horretan "indarkeria desberdinen biktimak hartuko dira kontuan, baina egiari uko egin gabe".

"Irabazleak eta galtzaileak"

Terrorismoaren amaieran "irabazleak eta galtzaileak" egon beharko direla esan du Patxi Lopezek arratsaldeko agerraldian. Demokraziaren aldekoak irabazleak eta terroristak galtzaile atera behar direla gaineratu du.

Bere hitzetan, kontrakoak "dena balio duela" erakutsiko luke.

Lehendakariak arratsaldeko 18:15etan bukatu du bere bigarren agerraldia, Xabier Lete euskaldunaren bertso batekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak Albisteak