Publizitatea
Itxi

2020/09/03

19:39

Politika

Inbestidura saioa

Urkullu aukeratu dute lehendakari, hirugarrenez

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

EAJk eta PSE-EEk Legebiltzarrean duten gehiengo absolutua baliatu dute Iñigo Urkullu lehendakari izendatzeko. Maddalen Iriartek EH Bilduko legebiltzarkideen babesa jaso du soilik.

0:54
Iñigo Urkullu.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eusko Legebiltzarrak Iñigo Urkullu aukeratu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakari kargurako, eta buruzagi jeltzaleak hirugarren agintaldiari ekingo dio Eusko Jaurlaritzan.

Koalizio-gobernua berriro osatzeko ituna egin zutenetik, jakina zen Urkullu izango zela lehendakari berria eta hala gertatu da ostegun honetan inbestidura saioan. EAJk eta PSE-EEk Gasteizko Ganberan duten gehiengo absolutua baliatu dute Urkullu lehendakari izendatzeko. Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak, berriz, koalizio soberanistako legebiltzarkideen babesa soilik jaso du.

Urkulluk 75 legebiltzarkidetatik 40ren babesa jaso du: 30 boto jeltzale eta 10 boto sozialista, hain zuzen ere. Aipatzekoa da Irune Berasaluze EAJko ordezkariak ezin izan duela inbestidura saioan parte hartu, PCR probaren zain koarentenan dagoelako. Edonola ere, huts horrek ez du eraginik izan bozketan, gehiengo absolutua 38 eserlekutan dagoelako.   

Elkarrekin Podemos-IU,  PP-Ciudadanos koalizioa eta Vox abstenitu egin dira, Legebiltzarreko arautegiak alde bozkatzeko edo abstenitzeko aukera ematen baitu soilik, lehendakaria aukeratzeko bozketa ezin da kontra bozkatu.

Lehendakari izendatu ostean, Urkulluk esan du beretzat ohorea dela kargu hori hartzea eta "euskal gizarte osoa" ordezkatuko duela agindu du.

Oposizioari elkarlanerako deia egin dio Urkulluk, krisia gainditzeko

EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua izan arren, Urkulluk esan du oposizioarekin akordioak egin nahi dutela. "Elkarrizketarako, negoziaziorako eta adostasunerako garaia da, egungo krisiak guztion ardura eskatzen duelako", azpimarratu du goizean egin duen hitzartzean.

Ildo horretan, "arduraz" eta "herritarren ongizatearen mesedetan" lan egingo duela agindu du. Koronabirusaren pandemia eta osasun larrialdiak eragindako krisia gainditzea izango da bere helburu nagusia, baina ohartarazi du ondorio horiei aurre egitea zaila izango dela. "Hilabete eta urte gogorrak ditugu aurretik, baina konbentzituta nago aurrera egingo dugula", adierazi du.

Osasun sisteman "kolapsatzea" eta ekonomia "koman" sartzea galaraztea erabakigarria izango dela azaldu du. Horrenbestez, Osakidetzako eta lehen arretako lantaldeak indartuko dituela agindu du, eta kanpainan esandakoa berretsi du: "oinarrizko zerbitzu publikoetan ez dugu murrizketarik egingo".

Industria indartzeko, enpresei laguntzeko eta pandemiaren eraginez suntsitu diren lanpostuak berreskuratzeko neurriak ere iragarri ditu.

Autogobernuari dagokionez, lehendakariak esan du aniztasuna oinarri izango duen "akordio sendoa" nahi duela eta estatu politiko berriak Espainiako Estatuarekin "aldebikotasuna" bermatu behar duela. Halaber, "garrantzi berezia duten gaietan" galdeketak egiteko eskumena aldarrikatu du.

Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak, berriz, egungo estatutua agortuta dagoela esan du eta euskal errepublika independente eraikitzeko lan egingo duela adierazi du, "Espainiako Estatuarekin parez pareko harreman izateko". Gainera, euskal gizarteari erabakitzeko eskubidea aitortu behar zaiola nabarmendu du.

Horrez gain, osasun krisia eta krisi sozio-ekonomikoa gainditzeko "herri-akordioak" behar direla esan du. "Enplegua babesteko estrategia nazionala behar dugu, osasungintzan gehiago inbertitu behar dugu eta 'covid tasa' sortu behar dugu, politika fiskala justuagoa izan dadin eta, ondorioz, gehiago dutenek gehiago ordain dezaten", azaldu du.

Bi hautagaien ostean, talde parlamentarioetako bozeramaileen txanda izan da. Joseba Egibarrek (EAJ) gogor kritikatu du EH Bildu, eta EAJri kalte egiteko "estrategia suntsitzailea" erabili duela aurpegiratu dio, koronabirusaren pandemiak eragindako krisiak "batasuna eta elkarlanean aritzea eskatzen duenean".

Nerea Kortajarenak azpimarratu du koalizio soberanistak ez duela herritarrentzako onak diren akordioak oztopatuko, baina ohartarazi du EAJren eta PSE-EEren Jaurlaritza "gobernu grisa, zaharkitua, indarrik eta anbiziorik gabekoa" dela. "Ez du proiektu nazionalik, ezta euskal herritarrak zaintzeko eta babesteko neurririk ere", kritikatu du.

Gehiengo absolutua izan arren, Idoia Mendiak (PSE-EE) esan du Eusko Jaurlaritza elkarrizketarako prest egongo dela eta, ondorioz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa "berreraikitzeko akordio zintzoak bilatzeko" deia egin die oposizioko alderdiei.  

Miren Gorrotxategik (Elkarrekin Podemos-IU) enpresaburuen eta elite ekonomikoen aurrean "ez makurtzea" eskatu dio Eusko Jaurlaritza berriari, eta norabide aldaketa egitea defendatu du, zerbitzu publikoak indartzeko eta dirudunei zergak igotzeko. Halaber, koalizio moreak oposizio "eraikitzailea" egingo duela agindu du.

COVID-19aren krisiaren aurrean laguntza eman eta akordioak bilatzeko prest dagoela esan dio PP+Cs koalizioaren presidente Carlos Iturgaizek  Urkulluri, baina, era berean, argi utzi dio ez duela "estatus berria" aurrera eramateko babesik jasoko.

Amaia Martinez Voxeko legabiltzarkideak esan du Jaurlaritzak pandemiaren kudeaketa "negargarria" egin duela Jaurlaritzak, eta EAJk eta PSE-EEk "hainbat lagunen sabelak pozik izateko txiringitoak" dituztela salatu du. Horrez gain, Espainiaren batasuna defendatuko dutela agindu du.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena