Politika -
ETAren komunikatua
EAJ: Ez du balio 'betirako eta baldintza gabeko etetea' iragarri ezean
Komunikatua "urrats positiboa" dela esan du Iñigo Urkulluk, hala ere, azpimarratu egin du "euskal gizarteak espero duena ETAren baldintzarik gabeko amaiera" dela.
Erredakzioa
ETAren komunikatuak "ezertarako" balioko ez duela esan du Iñigo Urkullu EBBko presidenteak hurrengo asteetan ETAk ekintzen "behin betiko eta baldintzarik gabeko etetea" iragartzen ez badu.
Komunikatu baten bidez, "ETA eta ezker abertzalearen jarrera pausoz pauso" ezagutzen ari garela esan du Urkulluk, "hala ere, jakin badakite euskal gizartea itxaroten ari dena ETAren baldintzarik gabeko amaiera dela", gaineratu du. EAJko presidenteak "komunikatua urrats positiboa" dela zehaztu du, nahiz eta "ezertarako balio ez duen hurrengo asteetan ekintzen behin betiko eta baldintzarik gabeko etetea iragarri eta bide politikoen aldeko apustu garbia egiten ez badute".