Politika -
Komunikatua
ETA Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin elkarlanean arituko da
Gara eta Berriari bidalitako komunikatu batean, batzorde horrekin "elkarlanean aritzeko konpromisoa" agertu du.
Erredakzioa
ETAk "Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin elkarlanean aritzeko konpromisoa" iragarri du komunikatu batean. ETAren hitzetan, ekimen hori "urrats garrantzitsua da" gatazka politikoaren soluzioan aurrera egiteko, Gara eta Berria egunkariek euren webguneetan publikatutakoaren arabera.
Erakunde terroristak jakitera emandako komunikatu osoa Garak eta Berriak argitaratu dute euren paperezko edizioetan. Idatzi horretan, ETAk bide horretan aurrera egiteko borondatea azpimarratzen du.
Su eten iraunkorra iragarri zuenetik ia 10 hilabete pasa direla gogoratu du ETAk eta nazioarteak berretsi dezakeela esan du. "Alde bakarreko" erabaki horrekin "Gernikako Akordioak ezarritako ibilbidera" batu nahi dutela diote, "gatazka politikoa eta borroka armatuaren amaiera gainditzeko".
"Orduz geroztik, ETA gogor ari da lanean ibilbide horretan, ekitaldi publikoetan ikusi den bezalaxe eta isilean egiten den lanean, nahiz eta ez duen publikoki islarik", diote.
Bestalde, "estatu espainiarrak eta frantsesak trabak jarri besterik ez dutela egin" salatu dute, atxiloketak, "tortura basatiak" eta ezker abertzalearen ilegalizaioari aipamenak eginez.
Bi estatuek ETAren esfortzuari errepresioarekin erantzuten ari diotela dio komunikatuak. Euren ustez, bi gobernuek "irtenbidea zapaltzen jarraitu nahi dute", "prozesuak Euskal Herriari, hitzari eta euskaldunen erabakiari ateak ireki diezazkiola beldur direlako", esan du.
"Egiaztatze batzordearen ofizialtasuna ezeztatu nahi izan zuten. Su etenaren egiaztapenak euskaldunei jartzen dizkieten aitzakiak begi bistan jarriko dituelako, eta irtenbiderako pausoak ez ematea gizarteari ulertezina egingo zaiolako", esan dute.
Batzordea ondorengoek osatzen dute: Ram Manikkalingam DAG Elkarrizketarako Aholkularien Taldeko zuzendaria, Ronnie Kasrils Nelson Mandelaren kolaboratzaile estua, gatazka zein bake egoeretan; Raymond Kendall, Interpoleko idazkari nagusia izandakoa (1985-2000) eta Chris Maccabe, Irlandan Ostiral Santuko akordioan gauzatu ziren negoziazioen protagonista.
Horiekin bateram Satish Nambiar Indiako indar armatuen Estatu Nagusiko buruzagiordea eta 1992an eta 1993an NBEko babeserako indarren misioaren zuzendaria eta Fleur Ravensbergen holandarra. Azken hau koordinatzaile lanak egingo ditu. Lehendakaria
Espero duten komunikatu bakarra behin betiko desgaertzearena dela adierazi du Patxi Lopez lehendakariak, hori baita herritar guztien "nahia". Lehendakariak komentario gehiagorik egitearu uko egin dio ETAri "jokoa ez egiteko".
PP
Antonio Basagoitiren hitzetan, "ez genuke konformatu behar ETAren behin betiko desAgertzea iragartzen ez duten komunikatuekin". "Demokrata guztiek hori exijitu beharra daukagu", gaineratu du.
EA
ETAren iragarpena "urrats erabakiorra" dela esan du Eusko Alkartasunak. Urrats horrek, EAren iritziz, ETA behin betiko desagertzeko Estatua "esku hartzera" derrigortzen du. Ondorioz, Exekutiboari elkarrizketa batean parte hartzea eskatu dio "egiaztatzea, desarmea eta presoak" hizpide nagusi direla.
Bildu
Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Martin Garitanok Gobernuari "aukera hau ez galtzeko" esan dio eta ETAk Nazioarteko Egiaztatze Batzordea onartzen duen iragarpenari erantzuteko, "mugimenduak" egiteko eskatu dio.
Ezker Batua
EBko koordinatzaile orokorrak,Mikel Aranak ETAk Nazioarteko Egiaztatze Batzordea onartzen duen iragarpena "bakearen bidean aurrerapauso bat" dela esan du ohar baten bidez, baina ETAri desagerpena eta "gehiago luzatu gabe" armak uzteko eskatu dio.
UPyD
UPyD taldeko bozeramaile eta legebiltzarkideak, Gorka Maneirok, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen desegitea eskatu du "bazterrak nahasi besterik ez ditu egiten, negoziazioaren ideia indartzen du eta terroristen propaganda egiten du", esan du.
Lokarri
Akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak,Lokarrik, Gobernuari deia egin dio ETAren su-eten iraunkorra gainbegiratze duen Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin elkarlanean aritzeko.