Politika -

Memoria historikoa

Paco Etxeberria, memoria historikorako aholkulari berria Espainiako Gobernuan

Ministroen Kontseiluak Memoria Demokratikoaren Legearen aurreproiektua onartuko du astearte honetan, hobi komunetan gorpuzkiak ateratzeko prozesua bultzatzeko.

Etxeberriak, bere taldearekin batera, gerra zibileko ehunka hobi ireki ditu. Argazkia: EFE.
Paco Etxebarria
Etxeberriak, bere taldearekin batera, gerra zibileko ehunka hobi ireki ditu. Argazkia: EFE.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paco Etxeberria auzitegi antropologo eta Aranzadiko presidenteak aholkularitza eskainiko dio Espainiako Gobernuari orain arte ezer gutxi egin den erkidegoetan ehunka hobi komun irekitzeko, Radio Euskadik jakitera eman duenez.

Sanchezen Gobernuak hobi horien irekiera Memoria Demokratikoaren Legearen bidez osatu nahi du, eta horren aurreproiektua bihar onartuko dute Ministroen Kontseiluan. Etxeberriaz gain, Paco Ferrandiz antropologoaren aholkularitza izango du Espainiako Gobernuak.

Etxeberriak, bere taldearekin batera, Espainiako Gerra Zibileko ehunka hobiren irekieran parte hartu du, gehienak frankisten biktimenak, baina baita errepublikanoen biktimenak ere. Murtzian eta Andaluzian, esaterako, aurrera egitea da orain erronka; izan ere, erkidego horietako gobernura PP iritsi zenetik lanak bertan behera geratu dira. Halaber, aurreproiektuak Franco Fundazioa legez kanpo uzteko aukera jasotzen du, Carmen Calvo presidenteordeak aurreratu duenez.

Gorpuzkiak irekitzeko erreferentziazko laborategiak egongo dira, EHUkoa tartean. NBEk 2014tik Espainiari memoria historikoaren arloan gomendatutako irizpideak kontuan izango dituzte, eta, batez ere, fiskaltza berri bat sortuko dute gorpuak hobitik ateratzeko eta identifikatzeko. Espiritua ez da kondenak bilatzea, baizik eta egia historikoa finkatzea.

Ez da aurreikusten lege honek eragin handirik izango duenik Euskadin edo Nafarroan; izan ere, bi erkidego horietan asko aurreratu da alor horretan eta esparru horretan eredugarri gisa aurkezten dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Paco Etxeberria Memoria Historikoa Aranzadi Zientzia Elkartea gaur