Politika -

Bilera-sorta

Mendiak espero du ELA eta LAB Elkarrizketa Sozialaren Mahaira itzultzea

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, bere aldetik, argi utzi du bere sindikatuak ez duela horretarako asmorik, Elkarrizketa Sozialaren Mahaia "engainu bat" delako.

Idoia Mendia, Elena Perez Barredo eta LABeko ordezkariak. Argazkia: EFE
Mendiak espero du ELA eta LAB Elkarrizketa Sozialaren Mahaira itzultzea
Idoia Mendia, Elena Perez Barredo eta LABeko ordezkariak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak elkarrizketaren eta akordioaren aldeko apustua egin du, erronka handiak sustatzeko eta lan munduan berehalako neurriak hartzeko orduan beharrezkoa delakoan. Horretarako, ELAk eta LABek Elkarrizketa Sozialaren Mahaian parte hartzea gustatuko litzaioke.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde ere badenak iragan astetik sindikatuekin eta patronalarekin egiten ari den bilera-sortari buruzko iritzia ere eman du, ohar baten bidez. Gaur bertan amaitu ditu bilera horiek Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiarekin.

Mendiaren ustez, "oso probetxuzkoak" izan dira azken egunetan egindako hitzordu guztiak. Horregatik, eskerrak eman nahi izan dizkie ordezkari guztiei. Bestalde, Lan eta Enplegu sailburuak aurreratu du datorren asteazkenean Konfekoopeko kideekin, ASLEk ordezkatutako lan elkarteekin eta Euskal Autonomoen Elkartearekin batzartuko dela.

Ildo horretan, Mendiak nabarmendu du oinarrizko erreminta dela eragile sozialekin itunak lortzea, eta Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak duen garrantzia azpimarratu du, guztien parte hartzeak proposamenak eta planak aberastuko dituela argi utzita. ELAk eta LABek, aldiz, berretsi dute ez direla berriro foro horretan arituko.

LAB: Gezurra da soldaten jaitsierari buruz esandakoa

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiari ez zaio inondik inora ideia ona iruditu lanpostuei eusteko soldatak jaitsi behar izatea. Are gehiago, "erabat" faltsua iruditu zaio patronalaren argudio hori.

Mendiarekin izandako bilerak ordubete luze iraun du, eta "giro adeitsua" nagusitu bada ere, LABeko buruak argitu du bere sindikatuak ez duela Elkarrizketa Sozialaren Mahaira itzultzeko asmorik, "engainu bat" delako (ELAk ere ez du parte hartuko).

Horren aurrean, Aranburuk enplegurako plan berri bat proposatu du, indarrean dagoen lan erreforma indargabetuta eta "baldintza duinak" ardatz hartuta. Halaber, patronalaren ideia arbuiatzen duen jarrera argi bat ere eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika ELA LAB Lana Idoia Mendia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak