Politika -

Elkarrizketa Plato 2.0 saioan

Urkullu: 'Eusko Jaurlaritzak ke poteak jaurtitzen ditu'

Patxi Lopez lehendakaria "EAEko egitura instituzionala zalantzan jartzen ari" dela kritikatu du EAJko presidenteak.

Iñigo Urkullu EAJko presidentea. Argazkia: EITB
Iñigo Urkullu EAJko presidentea
Jaurlaritzaren bikoizketen inguruko txostena kritikatu du Urkulluk

02:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza "ke poteak jaurtitzeko dinamika batean" sartuta dagoela adierazi du Iñigo Urkullu EAJko presidenteak. Gasteizko Exekutiboak eskatutako bikoizketen inguruko txostena kritikatu du Urkulluk.

Plato 2.0 ETB-2ko saioan egindako elkarrizketan, txosten horrekin Patxi Lopez lehendakaria "EAEko egitura instituzionala zalantzan jartzen ari" dela azaldu du buruzagi jeltzaleak. Urkulluren ahotan, "Gobernuak ez du mezurik, ezta proiekturik ere" eta arreta desbideratzen ari da.

Urkulluren hitzetan, "EAEn dauden udaltzaingoen kopurua zehazten ez duen txosten batek ez du zorroztasunik". "Txostenak izan duen kostua jakitea" gustatuko litzaiokeela erantsi du EBBko presidenteak.

Kutxen Legeari dagokionez, "PSEk egoera desitxuratu eta manipulatu" duela salatu du Urkulluk. Bizkaiko Foru Aldundiak Batzordearen aurrean helegitea aurkeztuko duela iragarri du, baina horrek "kutxen bat-egitea ez" duela "geldiaraziko" ziurtatu du Urkulluk, Carlos Aguirre Ekonomia sailburuaren adierazpenei erreferentzia eginez.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritza "inoren babesik izan gabe ekimenak planteatzen ari" dela kritikatu du Urkulluk. Zenbait kasutan "PPren babesik ez" duela erantsi du jeltzaleak, eta Udalen Legea jarri du adibidetzat.

Ezker abertzalea

Bestalde, "gainerako alderdiak ezker abertzalearen jokoan erori gara, eta ezker abertzalea biktima bihurtu dugu", adierazi du elkarrizketatuak. "Baina ez da biktima", gaineratu du. "Historia orain hasten ez" dela gogorarazi du Urkulluk, izan ere, ezker abertzaleak ibilbide bat izan du eta "ez du herri honentzat ezer lortu".

Gainera, EAJ erakundeetako gobernuetatik kentzeko PSEren eta ezker abertzalearen arteko lankidetza posiblea hizpide izan du buruzagi jeltzaleak. Ezker abertzalearen eta sozialisten arteko "harreman zuzenak eta zeharkakoak" daudela esan du Urkulluk, baina ez ditu kritikatu, nahiz eta askotan "EAJ boteretik kentzeko helburu bakarra izan".

Azkenik, politika orokorreko azken eztabaidan lehendakariak aurkeztutako dekalogoa kritikatu du Urkulluk. Eusko Jaurlaritzak espetxe politikan eskumenik ez duela gogorarazi du jeltzaleak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea