Politika -
Bakea eta normalizazioa
Ezker abertzalea biktima guztien inguruko adierazpena lantzen ari da
Jone Goirizelaiak Plato 2.0 saioan azaldu duenez, biktima guztiak aintzat hartuko dituen dokumentua epe laburrean egongo da amaituta eta ezker abertzaleak bere kabuz aurkeztuko du.
Erredakzioa
Biktima guztiak, ETArenak barne, aintzat hartuko dituen adierazpena prestatzeko lanetan ari da ezker abertzalea.
Jone Goirizelaiak ETB-2ko Plato 2.0 programan egindako elkarrizketan iragarri duenez, biktima guztiak kontuan izango dituen dokumentu hori "bere kabuz" ari da lantzen ezker abertzalea, Gernikako Akordioko alderdien babesik gabe.
Ez du datarik zehaztu, baina "epe ertainean, hausnarketa prozesua amaitzean", izango dela eta zeresana emango duela azpimarratu du.
Indarkeriaren amaiera
Bestalde, ezker abertzaleko bozeramaileak adierazi duenez, "ETAren azken komunikatua oso garrantzitsua izan da, baina presaka ibiltzea ez da komenigarria". "ETA ematen ari den pausoa Gernikako Akordioak eskatutakoaren norabidean doa", erantsi du.
Goirizelaiaren esanetan, erakunde terroristak indarkeria behin betiko utziko duela iragarri dezake, baina bere gogoeta prozesua amaitzen duenean egingo du.
"Egoera ezberdin batean" presoen eskubideak eta biktimak "mahai gainean" egongo diren gaiak direla ziurtatu du Goirizelaiak. Zentzu horretan, ezker abertzaleak Gernikako Akordioa sinatu zuela gogorarazi du, eta itun horrek bi gaiak barneratzen ditu.