Politika -
Gipuzkoa
Ertzain baten aurkako pintadak agertu dira Beasaingo lokal batean
Lokaleko atearen beira ere hautsi dute ezezagunek Oriamendi kalean. Eusko Jaurlaritzak "pintada iraingarriak" salatu ditu. Era berean, ErNE eta Esan sindikatuek gaitzetsi dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Ezezagunek pintadak egin dituzte goizaldean Beasaingo (Gipuzkoa) lokal batean. "Faxistak, txakurrak eta haien lagunak", idatzi dute lokalaren horman.
Lokaleko atearen beira ere hautsi dute Oriamendi kalean.
Gazteen lokaleko kide bati "zipaio" deitu diote beste pintada batean, lokalaren kanpoaldean. Antza denez, gazteetako bat ertzaina da, EAJko iturriek jakitera eman dutenez.
Lokaleko jabeek salaketa aurkeztu dute Ertzaintzaren aurrean, "irainak" eta "kalteak" egotziz, Segurtasun Saileko iturriek baieztatu dutenez.
Eusko Jaurlaritzak "pintada iraingarriak" salatu ditu dagoeneko. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak eta lehendakariordeak gertatutakoa "onartezintzat" jo du, eta ertzainari elkartasuna adierazi dio, baita Ertzaintzari ere, "herritarren mesedetan egiten duen zerbitzu publiko garrantzitsuagatik".
Erkorekaren hitzetan, ekintza mota hauek "soberan daude eta onartezinak dira Euskadin", eta "euskal gizarteak behin betiko atzean utzi nahi duen iragana gogora ekartzen dute".
ErNE sindikatuak pintadak gaitzetsi ditu, eta Ertzaintzak “pauso bat atzera” egingo ez duela ohartarazi du. Era berean, Esan sindikatuak pintadak “irmo” gaitzetsi ditu, eta ertzainen defentsan “gupidagabea” izango dela ohartarazi du.